Actualizado 14/02/2012 13:04 CET

Julio Cortazarren bi ipuinetan oinarrituriko "Cronopios rotos" izango da Bilboko Pabilioi 6an

"Cronopios rotos" asteburuan Bilbon
PABILIOI 6

BILBO, 14 Feb. (EUROPA PRESS) -

Jose Sanchis Sinisterra antzerkigileak Julio Cortazarren "Torito" eta "Graffiti" ipuinetan egindako "Cronopios rotos" antzezlana izango da ikusgai ostiralean, 20:00etan, eta larunbatean, 19:00etan, Bilboko Pabilioi 6 aretoan, bere arduradunek jakinarazi dutenez.

Ipuin batean zein bestean, ahots guztiz pertsonala duen norbait (nokeatutako boxeolari bat eta torturatua izan den neska ekintzaile bat) isilean dagoen benetako solaskidearekin mintzatzen da lehen kasuan eta bertan ez dagoen norbatekin bigarrenean, kasu bietan bakoitzaren porrotaren berri eskainiz.

Mario Vedoya, Carlota Guivernau eta Gema Apariciok Sanchis Sinisterraren zuzendaritzapean eszenaratzen duten antzerki-esperimentu hau "galdutako borrokaldien isla da": boxeolariaren kasuan, bera baino gazteago eta hobe prestatuta dagoen aurkariaren aurrean, eta neskarena, berriz, diktadura garaian erakundeak eragindako bortizkeriagatik. Biek, gainera, partekatu, komunikatu eta borrokaren eta porrotaren testigantza eman nahi dute.

Jose Sanchis Sinisterra antzerkigile eta zuzendari valentziarra, bizirik dirauen egile sarituenetakoa izateaz gain, bere obrak hainbat aldiz ikusi ditu eszenatokietan antzeztuta. Berak idatzitako testu dramatiko ugarien artean azpimarragarriak dira "¡Ay, Carmela!", "Ñaque, o de piojos y actores" edo "El cerco de Leningrado", besteak beste.

Pabilioi 6 aretoko asteburuko programazioa larunbatean euskaraz eta igandean gaztelaniaz LaEnanaNaranaja taldeak taularatuko duen "Lolo: Encargo 215" obraren emanaldiarekin osatuko da. Txotxongiloak eta objektuen manipulazioaz baliatzen da konpainia telebista aurrean orduak eta orduak ematen dituen ume baten istorioa kontatzeko. Halako batean, eguneroko ohikeria aldatuko zaio umeari 'Irudimena' izeneko idazleak proposatuko dizkion jolasen bidez.

Gainera, Pabilioi 6k Ane Pikaza artista plastikoaren "Gune biziak" erakusketa ikusteko aukera emango du martxoaren 11ra arte. Ikusgai dauden piezak "gune herritarren zein naturaletan gauzatzen den etengabeko esku-hartze eraginkorraren bilaketaren ondorioa dira", sortzaileak azaltzen duena "denbora eta espazioarekin dugun harremana eta gune horiekin dugun zerikusia" delako.