Karbono gutxiko ekonomiara bidean aurrera egiteko konpromisoa berritu dute Ihobek eta Aclimak

Ihobeko eta Aclimako arduradunak.
IHOBE
Europa Press País Vasco
Actualizado: miércoles, 4 octubre 2023 12:14

BILBO, 4 (EUROPA PRESS)

Ihobe Eusko Jaurlaritzako Ekonomia Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen Sailari atxikitako ingurumen jarduketarako sozietate publikoak eta Aclima Basque Environment Cluster erakundeak bien arteko konpromisoa berritu dute karbono gutxiko ekonomiara bidean aurrera egiteko. Enplegua sortzeko eta ingurumenaren sektorean industria eta teknologia eremua garatzeko aukera gisa planteatzen dute helburu hori bi erakundeek.

Aclimako presidente Xabier Cañok eta Ihobeko zuzendari nagusi Alexander Botok sinatu dute akordioa, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Jasangarritasuneko sailburuorde Aitor Aldasororekin eta Aclimako zuzendari nagusi Olga Martinekin batera.

Ihobek eta Aclimak Europako Itun Berdearen helburuekin bat datozen ingurumen politika eta estrategien ezarpenean elkarrekin parte hartzeko esparrua da bi erakundeen arteko lankidetza hitzarmenaren luzapena, bai eta Euskadiko ingurumen sektorea gainerako sektore ekonomikoei energia trantsizioan laguntzeko estrategiko gisa sustatzekoa ere.

Eremu horretan aurreikusten diren jarduketen artean daude, besteak beste, lurzoru kutsatuen arloan berrikuntzarako Europako baterako proiektu bat zehaztea, lurzoruen eremuan elkarlaneko berrikuntza proiektuak sustatzea eta lurzoruaren kudeaketari lotutako enpresak dibertsifikatzea, eta hondakinen prebentzio eta kudeaketa eremuan ekintza jakin batzuk zehaztea.

Era berean, akordioaren bidez, enpresen artean ingurumen aukerak eta erronkak zabalduko dira eta, horretarako, EMAS Europako erregelamendua, Ekosteguna ekoefizientzia ostegunak, Hondakinen Prebentziorako Europako Astea, Asteklima EAEko Klima eta Energiaren Astea eta enpresentzako prestakuntza ikastaroak Basque Circular Hub zentroen esparruan antolatu eta zabalduko dira.

Euskadin ingurumen alderdi estrategikoen kudeaketa hobetzeari dagokionez, lanean jarraituko da EAEko Plastikoaren Plataforma bat sortzeko eta garatzeko, zeinak diagnostiko bat egingo duen Euskadin plastiko hondakinen kudeaketari lotutako aukerei buruz eta identifikatuko dituen plastikozko hondakinen kudeaketari lotutako negozio aukera berriak.

Contenido patrocinado