Karmele Jaiok Guadalajarako (Mexiko) Liburu Azokan parte hartuko du

Karmele Jaio eta 'Aitaren etxea' eleberria
ETXEPARE EUSKAL INSTITUTUA
Europa Press País Vasco
Actualizado: viernes, 27 noviembre 2020 15:37

BILBO, 27 (EUROPA PRESS)

Euskal literatura aurten ere izango da larunbat honetatik abenduaren 6ra egingo den Guadalajarako Nazioarteko Liburu Azokan (FIL), Mexikon. Pandemia dela-eta modu birtualean egingo bada ere, urtero milaka profesional, editore eta egile elkartzen dira Iberoamerikako literatur jaialdi handienean, eta lehen mailako hainbat izenekin batera, Karmele Jaio idazle gasteiztarrak ere parte hartuko du bigarren aldiz, oraingoan 'Aitaren etxea' eleberriarekin, Etxepare Euskal Institutuaren eskutik, euskal literaturari ikusgaitasuna emateko.

Modu honetan, Etxepare Euskal Institutuak jakinarazio duenez, 'Aitaren etxea' nobelarekin aurtengo Euskadi Literatur Saria irabazi duen Jaiok segida emango dio euskal egileen presentziari Guadalajaran. Kirmen Uribe, Iban Zaldua, Arantxa Urretabizkaia, Bernardo Atxaga, Harkaitz Cano, Mikel Ayerbe, Anjel Lertxundi eta Juan Kruz Igerabide izan dira azken bederatzi urteetan Etxepare Euskal Institutuaren ekimenez FILera bertaratu diren idazleak.

Jaiok berak gaztelaniara itzuli eta Guadalajaran aurkeztuko duen eleberriak hiru protagonista ditu: Ismael idazle blokeatua, aitaren zaintzaz arduratu behar dena; idazteari utzi dion Jasone emaztea; eta atzerrian bizi den Libe, Ismaelen arreba. Haien bidez, eleberriak gogoeta egiten du generoak guztien egunerokoan duen eraginaz, eta bereziki, maskulinitatea eraikitzeko eta transmititzeko moduez.

Idazle gasteiztarrak FILeko programa ofizialeko 'Los lectores presentan' atalean parte hartuko du, abenduaren 1ean, (12:30ean Mexikoko orduan eta 19:30ean Euskal Herrikoan). Sareko saioan, hiru irakurle anonimok, liburua aldez aurretik irakurri eta gero, 'La casa del padre' (Destino/Grupo Planeta) aurkeztuko dute. Segidan, solasaldia egingo da idazlea eta publikoaren artean. Atal hau 2003an sortu zuten irakurleei ahotsa eman eta liburu zaletasuna sustatzeko. Ordutik, 70etik gora idazlek hartu dute parte programan.

Contenido patrocinado