Kathrine Switzer maratoi korrikalari ohiak hitzaldia emango du asteartean, Donostian

Kathrine Switzer
DEUSTUKO UNIBERTSITATEA
Actualizado: lunes, 12 noviembre 2018 13:21

DONOSTIA, 12 (EUROPA PRESS)

Kathrine Switzer maratoi korrikalari ohiak hitzaldia eskainiko du DeustoForum Gipuzkoak antolaturiko "Pioneras-Emakumeak lanean" zikloan. Kirolean emakumeen berdintasuna lortzearen aldeko borrokan erreferente ezaguna da Switzer, eta bere kirol esperientziaz, berdintasunaz eta bizitzako filosofiaz hitz egingo du asteartean, azaroaren 13an, Deustuko Unibertsitateko Donbostiako campuseko Loiola Centrum-en.

Deustuko Unibertsitateak jakinarazi duenez, jardunaldia goizeko 09:30ean hasiko da, Felix Arrieta DeustoForum Gipuzkoako zuzendariaren eta Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiaren hitzekin. Ohorezko gonbidatua hitz egiten hasi aurretik, Jabier Muguruza idazle eta musikariak "Kathrine Switzer" abestia abestuko du. Orain dela urte batzuk maratoi korrikalari ohi ospetsuari eskaini zion abestia da.

Ondoren, Switzer-ek hartuko du hitza eta, hitzaldiaren ostean, solasaldia izango da, Alazne Mujika Deustuko Unibertsitateko Gizarte eta Giza Zientzien Fakultateko irakasleak gidatuta. Jardunaldian Balioak Kirolean I. Deustu Saria emango diote Switzer-i, eta, amaitzeko, Maialen Lujanbiok bertsoak eskainiko dizkio.

Kathrine Switzer Alemaniako Amberg hirian jaio zen, 1947an, baina Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) nazionalitatea hartu zuen. Maratoi batean dortsal batekin parte hartu zuen lehenengo emakumea izan zen. Bostonen egin zuen, 1967an, artean proban parte hartzeko aukera gizonek besterik ez zutenean. Galarazita egon arren, lasterketa 4 ordu eta 20 minutuan bukatu zuen eta lorpen horrek erreferente bihurtu zuen emakumeen kirolean. 1974an New Yorkeko maratoia irabazi zuen eta 1975ean Bostonekoan bigarren gelditu zen, bere markarik onena lortuta: 2 ordu, 51 minutu eta 37 segundo.

Deustuko Unibertsitatearen iritziz, kirola, bizitza osasungarrirako bidea izateaz gainera, balio eskola paregabea da. "Kathrine Switzer DeustoForum Gipuzkoara ekartzeak are gehiago indartzen du Deustuko Unibertsitateak kirolarekin eta genero berdintasunarekin duen konpromisoa", adierazi du.