BILBO, 6 (EUROPA PRESS)
Euskalgintzaren Kontseiluak "arkitektura juridiko berri bat" adostea eta gauzatzea eskatu die alderdi euskaltzaleei, euskararen auziak jaso duen oihartzun mediatikoaren aurrean.
Kontseiluak prentsa ohar bidez adierazi duenez, azken asteetan euskararen eta hizkuntzen auziak "oihartzun mediatiko berritua" jaso du, eta, horren aurrean, "kezkaz" bizi du "euskararen normalizazioaren aurkako oldarraldi judizialari hesia jartzeko ezintasuna".
"Auzitegi atzerakoi eta euskarafoboek ezarritako blokeoa gainditu eta hizkuntza politika berdinzaleak garatzeko erakunde publikoen eskumena berrezartzeko ezinbestekoa da arkitektura juridiko berri bat adostea eta gauzatzea", nabarmendu du.
Gogorarazi duenez, gaur egun herritar zein langile euskaldunek ez dituzte zerbitzu publikoetan dagozkien hizkuntza eskubideak bermatuta, "eta egunero jasaten dituzte eskubide hauen urraketak".
Halaber, salatu du euskara "bigarren mailako hizkuntza" dela administrazioan, berezko hizkuntza izan arren, eta ez zaiola gaztelaniaren balio bera aitortzen, "normalizazioa eta biziberritze prozesua baldintzatuz eta oztopatuz".
"Oldarraldia hasi zenetik, 29 sententzia medio, Eusko Jaurlaritzaren, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundien eta dozenaka udalerriren hizkuntza politika erabakitzeko eskumena mugatu du botere judizialak, zuzenean 700 lanpostu publikori baino gehiagori eraginez", adierazi du.
Ildo horretan, oldarraldiak eragindako "ziurgabetasun juridikoaren" ondorioz, Kontseiluak deitoratu du hainbat erakunde publikok iragarri dutela jada adostuta dauden lan eskaintza publikoetako euskara eskakizunak murriztuko dituztela.
"Botere judizialaren disuasio politikek beren fruituak eman dituzte eta, dagoeneko, ez dago aurkako sententzien beharrik; hauekiko beldurra nahikoa da euskararen normalizazioan atzerapausoak eragiteko", esan du.
Gainera, horu guztia "administrazioa euskalduntzeko aukera historikoa dagoenean" heldu dela deitoratu du, "datozen urteetan langile publikoen erdiak erretiroa hartuko duelako eta inoizko belaunaldi euskaldunduena letorkeelako hauen lekua hartzera". "Jauzirako baldintzak badaude, baina epaitegietatik ezarritako doktrina berriak ez du baimentzen", gaineratu du.
Kontseiluaren iritziz, orain arte asko aurreratu den arren, "paradigma berri bat" behar da "erronka berriei aurre egiteko, botere judizialetik ezarritako blokeoa gainditzeko, behingoagatik administrazio euskaldun bat izateko eta orain arteko iraupen logiketatik, normalizazio erreal batera jotzeko".
"Komunitate gisara egindako bidea balioan jarri behar dugu, hain zuzen, bide beretik atzera ez egiteko. Euskarak, beste edozein hizkuntzaren pare, noranahikoa izatea behar du xede, orotarikoa eta ororena", azaldu du.
EPAITEGIETATIK LEGEBILTZARRERA
Bada, horregatik guztiatik, Kontseiluak nabarmendu du "ezinbestekoa" dela eztabaida "epaitegietatik Legebiltzarrera eraman eta euskarari estatus berri bat ematea".
Horrenbestez, dei egin die Eusko Legebiltzarra osatzen duten eta euskararen normalizazioaren eta herritar guztien hizkuntza eskubideak bermatzearen alde dauden alderdi eta ordezkari politiko guztiei "hizkuntzaren auzia lehen lerroan jartzera eta egungo hizkuntza eskakizunen eta derrigortasun indizearen markoa gainditzeko beharrezko lege moldaketak gauzatzera, kasuan kasu, salbuespen mekanismoak aurreikusiz eta dagokion malgutasunarekin".
Kontseiluarentzat, "printzipio argi bat" izan behar da oinarrian, hau da, "bi hizkuntza ofizial dauden lurralde bateko langile publiko izan nahi duenari bi hizkuntza ofizialen ezagutza eskatzea, euskara ez dadin azpi-hizkuntza izan, eta hizkuntza berdintasuna bermatzea".
Azkenik, iazko urte bukaeran, azken datu eta ikerketa demolinguistikoak oinarri, Euskalgintzaren Kontseiluak euskara larrialdi linguistikoan dagoela adierazi zuen, eta, testuinguru horretan, Kontseiluaren iritziz, "indarrak ezin dira oldarraldiari aurre egiten xahutu, aurrera egin beharra dago". "Euskararen geroa orain jokatzen da. Euskara betirako minorizatua nahi dutenen aurrean, ausardia politikoz eta herri arduraz jokatzeko unea da", ziurtatu du.