GASTEIZ, 7 (EUROPA PRESS)
Euskalgintzaren Kontseiluak agerraldia egin du asteazken honetan Eusko Legebiltzarreko Kultura, Euskara eta Kirol Batzordean eta helduen euskalduntzerako "urrats eraginkorrak" hartzea eskatu eta Helduen Euskalduntzearen Agentzia sortzea proposatu du, politika eta baliabideak elkarlanean bideratzeko.
Helduen euskalduntze eta alfabetatze sektorearekin elkarlanean landutako 'Euskara ezagutzeko beharra helduengan sustatzeko proposamena' dokumentua eraman du Kontseiluak Legebiltzarrera. Proposamenak bi ardatz ditu, ikasketen doakotasuna eta ikasteko beharra sustatzea, alegia, eta horretarako tresna bat ere jasotzen du: Euskal Herri mailako agentzia bateratua.
Kontseilutik jakinarazi dutenez, proposamenaren abiaburua 2021ean aurkeztu zen 'Batuz Aldatu' adostasun sozialean dago, askotariko 110 gizarte eragilek sinatutako dokumentuan, hain zuzen ere.
Bertan, hizkuntza politiken helburua euskararen erabilera erosorako baldintzak sortzea izan beharko litzatekeela zehaztu zen, eta helburu horri begira, hizkuntza politikek bi norabide hartu behar zutela: batetik, hizkuntzaren ezagutzaren unibertsalizazioa bultzatzea, herritar guztiek euskaraz aritzeko gaitasun egokia izan dezaten; bestetik, euskara eroso erabiltzeko eremuak sortu, garatu eta elkarlotzea, hala nahi duen edonork ez dezan izan euskara erabiltzeko inolako eragozpenik.
"Euskararen erabilera benetan erosoa izateko baldintzak sortzeko, ezinbestean euskararen ezagutza unibertsalizatzeko beharra dago. Hau da, herritar guztiek euskaraz aritzeko gaitasun egokia izatea. Eta hizkuntza-politikak helburu hori lortzera bideratu behar dira gaurdanik, berandu baino lehen", dio Kontseiluak.
Era berean, Kontseiluak iritzi dio euskara ikasteko eskubidea ezin dela baldintzatu gaitasun ekonomikoaren arabera, eta, horregatik, lehen urrats gisa ikasketen doakotasunaren beharra aldarrikatu du, herritarrek inolako kosturik gabe euskaraz ikasteko aukera izan dezaten.
Eusko Legebiltzarrean aurkeztutako proposamenak 2017an aurkeztutako 'Doakotasunerazko bidean' izeneko txostena osatzen du eta segida ematen dio; herri ekimeneko euskaltegi gehien-gehienen babesa bildu zuen txostenak (AEK, IKA, Maizpide, Hitzez, Urrats, Ilazki, Legazpi 6, Mikelats, Udaberria, Gabriel Aresti, Juan Mateo Zabala, Bilbo Zaharra, Bai & By, Gotzon Garitaonandia, Labayru eta Hegoalde euskaltegiak).
FUNTSA
Proposamenaren funtsa da herritarrak euskara ikasi ahal izateko dirurik aurreratu beharrik ez izatea, dohainik ikasten segitu ahal izateko gutxienez %75eko bertaratzea izatea eta ikasmailarik ezinbestean gainditu beharrik ez izatea, euskalduntze prozesu guztia doakoa izatea, ikasleak 2.000 orduko ikastordu kreditu muga izatea eta instituzioek herri ekimeneko euskaltegiek ematen duten zerbitzu publiko hori osorik finantzatzea.
Edonola ere, Kontseiluarentzat, doakotasuna ez da baldintza bakarra, euskara ikasteko beharra ere sustatu behar baita, hau da, "euskara ikastea gero eta beharrezkoagoa dela transmititzea".
'Batuz Aldatu' dokumentuan adierazi bezala, bi motibazio mota landu behar dira, herritarrek euskara ikasteko eta erabiltzeko erabakia edo hautua egin dezaten: motibazio pragmatikoa (instrumentala) eta motibazio afektiboa.
Horrez gain, hizkuntza politikako zenbait neurri hartu behar dira lehentasunezko zenbait eremutan (administrazioa, hezkuntza, eremu sozioekonomia, ingurune digitala), herritarrek euskara ikasteko erabakia har dezaten.
AGENTZIA BATERATUTA
Euskalgintzaren Kontseiluak egungo hizkuntza politikaren koordinazio falta ere salatu du Eusko Legebiltzarrean erindako agerraldian, eta ziurtatu du Euskal Herri osoa hartuko duen "egitura egonkor eta iraunkor bakar" baten premia" dagoela: Helduen Euskalduntzearen Agentzia.
Agentziaren egitekoak lirateke ikasketen doakotasuna bermatzea, glotodidaktikan ikerketa egitea eta irakasleen prestakuntza hobetzea, material didaktikoa sortzea, azterketa batzorde bakarra sortzea hizkuntza eskakizunen sistema gainditu bitartean, herritar orori euskara ikastea beharrezkoa dela pentsarazteko hizkuntza politika koordinatzea, eta herritarrak euskara ikastera bultzatzeko komunikazio kanpainak abiatzea.
Agentzia erakunde publiko eta herri ekimeneko ordezkariekin osatuko litzateke: Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua, Euskararen Erakunde Publikoa, Euskalgintzaren Kontseilua, Euskaltzaindia eta herri ekimeneko euskaltegiak.
"Euskalgintzak askotan azpimarratu duen bezala, helduen euskalduntzearen sektorea estrategikoa da euskararen normalizazio eta biziberritzearen bidean. Horrenbestez, bereziki bultzatu, indartu eta orokortu behar den jardunbidea da, bai helduaroan euskaraz ikasi nahi dutenei aukerak eskaintzeko, bai sistema formaletik behar adinako gaitasunik gabe irten diren herritarrak berriro euskarara hurbiltzeko", esan du Kontseiluak.