Kultura Ondarea Sariaren edizio berria antolatu du Jaurlaritzak

Publicado: martes, 5 diciembre 2023 12:53

GASTEIZ, 5 Dic. (EUROPA PRESS) -

Eusko Jaurlaritzako gobernu kontseiluak 2023-2024ko ikasturterako Kultura Ondarea Sariaren deialdia onetsi du astearte honetan, eta Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak 35.000 euro bideratuko ditu. Helburua da gazteen artean euskal kultura ondarea ezagutaraztea, berrikuntza, ekintzailetzarako gaitasuna, sormena eta garapen soziala ere sustatuz.

Kultura berritzailea sustatzea eta euskal kultura ondareari buruzko ezagutza ikertu, berreskuratu eta eraikitzeko egindako ahalegina aitortzea; euskal kultura ondarea ezagutaraztea, euskal hezkuntza sistematik eta sistemarako; hezkuntza ekimen berritzaileak abiatzen laguntzea; gazteek euskal kultura ondareari lotutako ezagutzaren balorizazioan eta eraikuntzan duten zeregina aitortzea, eta, jabari publikoko kultura eta hezkuntza edukiak sortzeko, gazteen artean tresna teknologikoen erabilera sustatzea dira deialdiaren xedeak.

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako (DBH) hirugarren eta laugarren mailetako, Batxilergoko lehen mailako eta Lanbide Heziketako erdi mailako heziketa zikloetako lehenengo mailako ikasleek parte hartu ahal izango dute deialdian, eta gutxienez hiru eta gehienez sei ikaslek osatutako taldeetan banatuta bina bideo aurkeztu beharko dituzte.

Alde batetik, euskal kultura ondarearen elementu bati buruzko bideoa egin beharko dute, eta, bestetik, bideo hori egiteko prozesuaren inguruko beste bideo bat. Bideoaren gaia librea izango da, baina euskal kultura ondare material eta immaterialarekin zerikusia izan beharko du.

Hiru bideorik onenak egin dituzten lantaldeak sarituko dira, eta irabazleek Europako hiri edo eskualde batera zazpi eguneko bisita kulturala lortuko dute, beti ere, inguru enblematikoak eta kulturaren adierazpen esanguratsuak ezagutzeko. Talde irabazleen ikastetxeek diploma bat jasoko dute, eta bideo kopuru handienarekin parte hartzen duen ikastetxeari aintzatespen plaka emango zaio. Parte hartzeko epea abenduaren 19an hasi eta martxoaren 22an amaituko da.