Kutxabankeko administrazio kontseiluak Eduardo Ruiz de Gordejuela proposatu du kontseilari delegatu izateko

Eduardo Ruiz de Gordejuela
KUTXABANK
Actualizado: jueves, 30 marzo 2023 14:25

BILBO, 30 (EUROPA PRESS)

Kutxabank erakundeko administrazio kontseiluak Eduardo Ruiz de Gordejuela Palacio proposatu du kontseilari delegatu berri izateko, zuzendaritzako arduretan duen eskarmentu zabala baloratu ostean. Proposamenak Europako Banku Zentralaren (EBZ) egokitasun azterketara gainditu beharko du orain.

Kutxabanketik jakitera eman dutenez, administrazio kontseiluak eta Anton Arriola bere presidenteak eskerrak eman dizkiote Javier Garcia Lurueñari 2015ean kontseilari delegatu kargua hartu zuenetik egindako lanarengatik. Epealdi horretan, bankuak "erronka garrantzitsuak gainditu ditu arrakasta handiarekin", batik bat eraginkortasuna hobetzen eta zerbitzuetatik lortutako diru sarrerak dibertsifikatzen.

Garcia Lurueñak 2023ko ekainean amaituko du kontseilari delegatu kontratua, baina Kutxabank Taldearekin lotura izaten jarraituko du, Cajasur erakundeko presidente ez-exekutibo izaten segituko baitu.

Kutxabankeko kontseilari delegatu berriak kudeaketako eskarmentu handia du banka negozioko hainbat arlotan, bereziki sareekin eta bezeroekin zerikusia duten zereginetan. 2012an euskal aurrezki kutxen bat-egitearen ostean, Ruiz de Gordejuela Kutxabanken negozio sareen bateratzeaz arduratu zen, eta Europa Banku Zentralak oniritzia eman ondoren, zuzendari nagusi berria Kutxabankeko administrazio kontseiluko kidea izango da.

Arriolak adierazi duenez, "Kutxabank indartsu eta sendo dago, eta aukera asko dauzka aurrean. Izendapen honekin eta lankide talde osoaren laguntzarekin, aukera horiei aurre egiteko prest gaude".

Halaber, ardura berria hartzean, Ruiz de Gordejuelak esan du "ilusioz beterik" dagoela, "gizatalde handi baten buruan lanean jarraitzeko ilusioz beterik, jabetuta gure bezeroen konfiantza eta beharrizanei erantzutea erronka handia dela, Kutxabankek gure gizartearentzat duen garrantziaz jabetuta".

"Sarearen tamaina egokitzeko prozesua amaitu denez, orain gure lehentasuna bezeroentzako arreta hobetzea izango da, arreta pertsonalizatua, hurbiltasuna, gardentasuna eta profesionaltasuna oinarri hartuta", gaineratu du.

IBILBIDE PROFESIONALA

Eduardo Ruiz de Gordejuelak bere ibilbide profesional osoa egin du euskal finantza taldean, eta orain arte Txikizkako Negozioko zuzendari nagusia izan da (orain Aitor Aranburu Banka Pertsonaleko zuzendariak ordezkatuko du).

Era berean, Kutxabankeko zuzendaritza batzordeko eta Cajasurreko administrazio kontseiluko kidea da, eta horrek araudiko esparruari eta bere ondorioei buruzko ikuspegi globala ematen dio.

Ekonomia eta Enpresa Zientzietan lizentziaduna da Deustuko Unibertsitatean, eta Ezagutzako Kudeaketan Masterra du unibertsitate berean. 1992an BBK ohian sartu zen, eta bertan Inbertsio Bankarekin, Erakundeetako Bankarekin eta merkataritza eta marketin arloekin lotutako eginkizunak izan zituen. 2008an Bizkaiko Txikizkako Negozioko zuzendari izendatu zuten, eta handik urtebetera zuzendariorde nagusi.

Kutxabank 2012an sortu zenetik, bankuko zuzendaritza batzordeko kidea da, hasieran zuzendari nagusi, eta geroago, 2018tik, Txikizkako Negozioko zuzendari nagusi. Fineco, Kutxabank Banka Pribatuaren presidentea eta Cajasurreko administrazio kontseiluko kidea ere bada.