BILBO, 14 (EUROPA PRESS)
LAB sindikatuak bat egin du ostegunean hasiko den Euskaraldia hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketaren laugarren edizioarekin, eta "eragile aktibo" izango da ekimenaren 11 egunetan zehar.
Sindikatuak prentsa ohar bidez jakinarazi duenez, 2000. urtean erabaki zuen bere lan eta komunikazio hizkuntza euskara izango zela. Erabaki horren aurretik ere euskararen normalizazioan lan handia egina zuen, eta, erabakiaren ostean, EUSLAB egitasmo estrategikoa jarri zuen martxan, sindikatu barruko jardueran zein lan munduan euskararen erabilera areagotzeko.
Bada, Euskaraldia euskararen erabilera areagotzeko ariketa soziala eta kolektiboa den neurrian, LABek bat egin du dinamikarekin eta "eragile aktiboa" izatea erabaki du.
"LAB sindikatuko kideek, urte osoan bezala, maiatzaren 15etik 25era, 11 egunez, elkar mugituko dute eta langileak ere mugiaraziko dituzte, lan munduan euskararen erabilera hazteko. Euskaraldian langileok subjektu aktibo izan nahi dugu", adierazi dute sindikatutik.
Horrela, LABeko kideak ahobizi eta belarriprest izango dira beren eginbide sindikalean, eta, horrela, sindikatuaren jardueran euskararen erabilera areagotu nahi du sindikatuak, "gainontzeko langileekin euskararen erabileraren erantzukizuna partekatuz lan munduaren euskalduntzea areagotzeko".
Horri begira, dei berezia egin die euskal langileei, Euskaraldian inplikatu daitezen eta ahobizi eta belarriprest rolak har ditzaten. "Sindikatu barruan zein lan munduan hizkuntzarekin dauden inertziak astindu nahi ditu LABek, eta sindikatu barruko prozesuetan euskararen erabilera areagotzeko ahalegin kolektiboa egiteko konpromisoa du", gaineratu dute.
Halaber, LABek Euskaraldia baliatu nahi du lan munduko euskaltzaleen sareak berraktibatzeko eta indartzeko, "eta 11 egunotan sindikatuan eta lan munduan sortutako dinamikak denboran mantentzeko ahalegin berezia egingo du".
"Gure eginbide sindikala egiteko moduari eta prozesuari emango diogu garrantzia: euskaraz egingo dugu", gaineratu dute LABetik.
Beraz, aurreko edizioetan bezala, 2025ean ere Euskaraldian parte hartuko du LABek, bere egoitza guztiak arigune izango dira egunotan, eta bere ekimen propioetan euskara hutsean garatuko ditu kanpo komunikazioa, prentsa, webgunea eta sare sozialetako jarduera.