Lagundutako bainu zerbitzua martxan dago Donostiako Kontxan irisgarritasun baldintzak hobetuta

Lagundutako bainu zerbitzua martxan dago Donostiako Kontxan
DONOSTIAKO UDALA
Europa Press País Vasco
Actualizado: lunes, 15 junio 2026 17:40

DONOSTIA 15 (EUROPA PRESS)

Donostiako Udalak lagundutako baino zerbitzua jarri du martxan Kontxako hondartzan astelehen honetan, eta irailaren 15era arte funtzionatuko du, 11:00etatik 19:30era, irisgarritasun baldintzak hobetuko dituzten zenbait neurrirekin.

Horrela, Donostiako Udaletik jakinarazi dutenez, hiru monitore espezializatu izango dira, eta zerbitzuak material egokitua eskainiko du lur orotako aulki eta makulu anfibioekin, irisgarritasun unibertsala eta mugikortasun urriko pertsonek behar duten laguntza bermatzeko.

Erabiltzaileen inklusioa eta autonomia indartzeko hobekuntzak gehitu dira aurten. Horrela, aldagela kolektiboen irisgarritasuna hobetu da, dutxatzeko eserlekuak eta laguntzako barrak jarriz; egokitutako armairuak erreserbatzeko aukera ere gaitu da, eta instalazioetako hainbat elementu egokitu dira, erosotasun eta segurtasun handiagoaz erabili ahal izateko.

Aldaketa horiek guztiak lehenengo hobekuntza faseari dagozkio, eta asmoa da egokitzapen berriak pixkanaka hiriko gainerako aldageletara zabaltzea, hautemandako beharren arabera.

Kontxako aldagela kolektiboetan dagoen dutxa egokitua doan erabiltzea da zerbitzuak eskaintzen dituen berrikuntzetako bat. Sartzeko, bainu lagunduaren tiketa aurkeztu beharko da; tiket horrekin, gainera, aldagela kolektiboak erabili ahal izango dira.

Iñigo Garcia Hiri Mantentze eta Zerbitzuetako zinegotziak nabarmendu duenez, "bainu lagundua martxan jartzeak indartu egiten du hondartza irisgarriagoak eta inklusiboagoak izateko hartu dugun konpromisoa. Gainera, hobekuntzak egin ditugu, bai azpiegituretan bai giza baliabideetan eta baliabide teknikoetan".

Contador

Contenido patrocinado