Lekeitioko Ibilaldia "euskal kulturaren aniztasunaren lagin bat" izango da igandean

Actualizado 2019/05/13 12:55:15 CET
Lekeitioko Ibilaldia "euskal kulturaren aniztasunaren lagin bat" izango da igandean
EUROPA PRESS

Zirkuituak 2,5 kilometro eta lau gune izango ditu: "Motza, urbanoa, baina naturarekin lotua"

BILBO, 13 (EUROPA PRESS)

Bizkaiko Ikastolen aldeko Ibilaldia festaren 40. edizioa ospatuko da igandean, maiatzaren 19an, "Haratzago" leloarekin, Lekeitioko Azkue ikastolak antolatuta, eta "euskal kulturaren aniztasunaren lagin bat" izango dela adierazi dute jaiaren arduradunek astelehen honetan Bilbon egindako aurkezpen agerraldian.

Kafe Antzokian izan da Ibilaldia aurkezteko prentsa agerraldia, eta bertan izan dira Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko lehendakaria, Josune Bañales Ibilaldia Elkarteko lehendakaria, Ainara Ikaran Azkue ikastolako lehendakaria eta Jose de la Torre "Purru" Ibilaldia 2019ko dinamizatzailea.

"Euskal kultuaren aniztasunaren lagin bat ekarri dugu Ibilaldira, gure gizarte gero eta askotarigo honetan, guztiok disfruta dezagun gure hizkuntzaz eta kulturaz. Ideia hori azpimarratu nahiko genuke Ibilaldi honetan bezala, ikastolen aurtengo jai guztietan ere. Hori da Ikastolen Elkartetik abian jarriko dugun berritasun nagusia", azaldu du Tellituk.

Izan ere, bere hitzetan, "atzerapen handiz eta legealdi honetan onartzeko itxaropen gutxi dugun" Hezkuntza Lege berriaz gain, azken urteetan hezkuntza mailan "bi erronka nagusiri" egin behar zaie aurre: batetik, Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) ikasleen ezagutza eta gaitasun mailak behera egin dutela, "zeharo kezkagarritzat" jo duena, eta, bestetik, gero eta haur gehiago iristen direla ikastetxeetara matrikulazio garaitik kanpo, atzerritar jatorrikoak gehienak, eta ikasleok ikastetxeetara bideratzeko orduan "desoreka handia" ematen ari dela sareen artean eta sare barruko ikastetxeen artean.

Ildo horretan, adierazi du bi faktoreak "arriskutsuak" direla euskalduntze prozesuak aurrera egin dezan, eta, neurririk hartu ezean, "urteetan atzera" egin daitekeela. Gainera, bigarren faktoreari dagokionez, "segregazio arriskua" dagoela ohartarazi du, bai eta "hizkuntza segregazio arriskua" ere.

Hala ere, Ikastolen Elkarteko lehendakariak azpimarratu du ez dituztela bi faktore horiek "mehatxutzat" hartzen, "erronka" bezala baizik, eta, "erronka gisa, erantzun egokienak ematen urratsak" egiten ari direla.

Lehen erronkari dagokionez, azaldu du joan den ikasturtetik ari direla ikastolen hezkuntza proiektua "berritzen eta indartzen", egungo ikasturtean zenbait ikastoletan inplementatu dutela jada, eta datozen ikasturteetan ikastola gehiagotan sartuko dela.

"Bigarrenari dagokionez, buru belarri ari gara harrera planak gaurkotzen, jatorri horretako eta baliabide urriko familietako ikasleentzako beka sistemak gaurkotzen, eta 'bitarteko ikasgelak' moduko formulak aztertzen. Argi dugu segregazio arriskuari aurre egiteko inklusio formulak euskara eta euskal kulturaren bitartez egin behar direla", adierazi du.

Horrela, ziurtatu du mezu hori presente egongo dela igandeko Ibilaldian eta ikastolen jai guztietan, "jakinik bi erronka horiek ez direla ikastolenak eta hezkuntza sistemarenak bakarrik, herri apustu baizik". "Ikastolok dagokigun erantzukizunarekin jokatuko dugu", gaineratu du.

AUZOLANA

Bestalde, Josune Bañalesek eta Ainara Ikaranek auzolanaren ideia nabarmendu dute beren agerraldietan. Horrela, Ibilaldia Elkarteko lehendakariak esan du "ilusio handiz" aritu direla dena prestatzen Azkue ikastolako ikasle, irakasle zein gurasoek, "denek batera eta herriko elkarte eta eragileekin elkarlanean, horixe baita ikastolen ezaugarrietako bat: auzolana".

Gainera, berretsi du "euskal kulturaren aniztasunaren lagin bat" izango dela Ibilaldia, "gure gizarte gero eta askotarikoago honetan denok disfruta dezagun gure hizkuntzaz eta kulturaz". "Haur guztiei zuzenduta daude ikastolak, Euskal Herrian jaiotakoei zein etorri berriei. Inklusiboak eta integratzaileak gara, herritar guztiok maita ditzagun euskara eta euskal kultura", adierazi du.

Halaber, Azkue ikastolako lehendakariak gogoratu du igandekoa 40. Ibilaldia dela, eta azpimarratu du oraindik hasierako helburuei eusten diela. Horrela, azaldu du 2019an Azkue ikastolaren helburu nagusietako bat dela azken urteetan egiten aritu diren eraldaketa prozesua erakustea.

"Baina harantzago eraman nahi izan dugu 2019ko Ibilaldia, ikastolak sorreratik beti harantzago joan direlako, aitzindari izan garelako, umea ardatz hartu eta hezkuntza eredu propioa landu dugulako. Paretak bota ditugu. Azkuen oso presente dugu auzolana eta horrela egin ditugu urtean zehar antolatu diren ekintzak eta Ibilaldiaren eguneko egitaraua ere", gaineratu du.

EGITARAUA

Bestalde, Jose de la Torre "Purru" dinamizatzaileak azaldu ditu igandeko Ibilaldiko nondik norakoak. Zirkuituak 2,5 kilometro izango ditu eta lau gunetan banatuko da: HA (Azkue ikastola), RA (Plaza-parkea eta portua), TZA (Eiguren "sekaderua") eta GO (Santa Katalina itsasargia). "Motza, urbanoa, baina naturarekin lotua. Lekeitioko herriaz gozatzeaz gain, kresalaz bustitzeko ere aukera izango dugu, ia ibilbide osoa itsasoaren ertzetik doa eta", adierazi du.

Egitarauko ekitaldiak prestatzeko orduan, antolatzaileek pertsona guztiak izan dituzte kontuan, eta, elkarlanaren ondorioz, musika, jokoak ikuskizunak, lantegiak, kirola, dantza, ipuinak eta abar izango dira Lekeitioko Ibilaldian egun osoan zehar.

Aurtengo berritasunetako bat da IkasJai gailu mugikorretarako aplikazioa sortu dutela. IkasJai telefono joko bat da, eta jaia antolatzen den herriko kulturari lotutako misio batzuk gainditu beharko ditu jokalariak. Horretarako, bere "abatar" bidez, interes guneetan barrena mugitu eta hainbat gaitasun adieraziko ditu jokoaren atal ezberdinetan.

Azkenik, Ibilaldia 2019ko dinamizatzaileek adierazi du igandeko jaia jasangarria izango dela, zirkuitua zen guneak garbi mantentzea "denon erronka" dela gogoratuz, eta jai parekidea ere izango dela, ibilbidean zehar eragile eta gune moreak izango dela nabarmenduz. Bukatzeko, Lekeitiora garraio publikoan hurbiltzeko gomendioa egin du.