Liburu Gaztea Book Trailer Lehiaketan ikastetxeen kategorian izena emateko epea irailaren 24an amaituko da

Liburuak
GALTZAGORRI
Europa Press País Vasco
Publicado: sábado, 4 septiembre 2021 11:43

DONOSTIA 4 Sep. (EUROPA PRESS) -

Galtzagorri elkarteak antolatzen duen Liburu Gaztea Book Trailer Lehiaketan ikastetxeen kategorian izena emateko epea irailaren 24an bukatuko da. Ikasturte honetan ere parte hartzaileek Galtzagorrik proposatutako liburu bat irakurri eta horri buruzko book trailerra egin beharko dute 2022ko martxoaren 4a baino lehen.

Antolakuntzak jakinarazi duenez, bi eratara aurkez daiteke lehiaketara: norbanakoka edo ikastetxearen bitartez. Ikastetxeen kategorian derrigorrezkoa da izena ematea, eta norbanakoen kategorian norbere kasa aurkez daiteke, nahikoa baita book trailerra azken eguna baino lehen bidaltzearekin. Aurten, gainera, berrikuntza bat dago kategoria honetan, Youtuberako formatuan egin beharrean, TikTokeko formatuan burutu beharko bait booktrailerra.

Galtzagorri elkarteak Gipuzkoako Foru Aldundiarekin antolatzen duen lehiaketaak hamargarren ekitaldia du jada eta aurten ere irakasleentzat book trailer lantegia prestatu da, parte hartzeko izena ematen duten ikastetxeetako irakasleei zuzenduta. Prestakuntza saio praktikoa egingo da urrian: Book Trailer Lantegia. Saioan book trailerrak egiteko klabeak eskuratu eta edizio teknikan trebatzeko aukera izango dute irakasleek.

'Arrastoa' (Juan Kruz Igerabide), 'Emakume guztiok' (Elizabeth Casillas, Higinia Garay, Bego Montorio -itzultzailea-), 'Ikusezin' (Eloy Moreno, Ipar Alkain -itzultzailea-) eta 'Frankenstein efektua' (Elia Barceló, Miren Agur Meabe -itzultzailea-) dira Liburu Gaztea Batzordeak aukeratu dituen aurtengo irakurgaiak, iaz euskaraz argitaratu zen guztia irakurri ondoren.

Horiez gain, "ezinbestekoen zerrendatik" ere aukeratu ahalko dute irakurgaia: https://www.galtzagorri.eus/liburu-gaztea/2021-2022/liburuak.... Zerrenda horretan bildu dituzte hainbat literatura adituk, euskaraz, gazteentzat, orain arte argitaratu diren liburu gomendagarrienak.

Contenido patrocinado