Foto: IREKIA
BILBO, 4 (EUROPA PRESS)
Europako Batzordeak Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Saila goraipatu du, Txingudin eta Urdaibain Life Estuarioak programaren barruan sustatutako ingurumen lanengatik, bereziki, Baccharis halimifolia bezalako landare inbaditzaileak errotik kentzeko jarduerei dagokienez. Bruselako zerbitzu teknikoen ordezkariek Txingudi eta Urdaibai bisitatu dituzte astelehean eta asteartean, proiektuaren aurrerapenak eta emaitzak zehazki ezagutzeko.
Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Saileko Ingurumen Plangintzaren zuzendari Amaia Barredok adierazi duenez, "ikerketa lanak aztertu eta Life programaren osteko etorkizuneko ekintza planaren ildo nagusiak berrikusi behar dituzte bisitan, Baccharis halimifolia landare inbaditzailea kontrolatzeko ekintzak jarraitzeko".
Barredoren iritziz, Eusko Jaurlaritzak "lehentasunezko jarduera lerroen artean" jarri ditu Gipuzkoako eta Bizkaiko estuarioak, ingurune naturala zaintzeari dagokionez, "oso ekosistema baliotsuak baitira". "Besteak beste, haietan bizi diren habitat natural eta espezie basati ugariengatik, edota hondamenezko klima-gertakariak arintzeko ahalmenagatik. Gure estuarioak zaintzea, eta, hala dagokionean, lehengoratzea, funtsezkoa da gure etorkizunarentzat", gaineratu du.
Biodibertsitatea galtzeko kausetako bat espezie exotiko inbaditzaileak dira, eta haien artean Baccharis halimifolia edo "txilka" landarea, estuarioetan eta kostaldeko labarretan eragin handienak dituenetako bat baita.
Euskadiko estuarioetan Baccharis halimifolia landareak eragindako arazoaren garrantzia dela eta, Europar Batasuneko Life finantzaketa programaren proiektu bat eskatu zuen Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak; 1.860.000 euroko kostua du, eta Bruselak erdia ordaintzen du. Proiektu hori 2010etik dago abian, eta martxoaren amaieran bukatuko da.