BILBO, 7 (EUROPA PRESS)
Lizar Begoña Madariaga idazle sopelaztarra da aurtengo Igartza Sariaren irabazlea. Elkar argitaletxeak, Beasaingo Udalak (Gipuzkoa) eta CAF enpresak idazle gazteei laguntzeko antolatzen duten bekak 25 urte bete ditu aurten, 11 proiektu aurkeztu dira eta Begoñaren 'Itzalkinak eguzkitan' izeneko eleberri proiektua irabazletzat jotzea adostu dute Oihane Amantegi, Irati Jimenez eta Garazi Kamio epaimahaikideek.
Horrela, antolatzaileek jakinarazi dutenez, 1996an Sopelan (Bizkaia) jaio eta bertan bizi den Lizar Begoñak 6.000 euroko laguntza eta lana argitaratzeko konpromisoa eskuratu ditu. Arte Ederretan graduatua da eta euskara eskolak ematen ditu lanbidez. 2020an kaleratu zuen bere lehenengo liburua, 'Aro beilegia' poesia bilduma, Donostia Kultura saria irabazitakoa, eta 2022an argitaratu du bigarrena, 'Gepardo japoniarrak', hau ere poesiazkoa.
'Itzalkinak eguzkitan' eleberri proiektuak Benidormera garamatza: gune turistikoetan kokatutako kiosko bat da gertalekua, eta bertan lan egiten duten bi emakumezko dira protagonistak.