BILBO, 25 (EUROPA PRESS)
'Loa eta Laia' haurrentzako sortutako euskarazko marrazki bizidun digitalen telesaila aurkeztu dute astearte honetan. Musikaren bitartez euskal kultura, ohitura eta edukien transmisioa sustatzea du helburu, eta baliabide digitalen bitartez hedatuko da.
Aurkezpena Bilboko Euskararen Etxean egin da, eta Josu Bergara Aretxabaleta musikari, publizista eta ideiaren sortzaile eta musikaren egileak, Paul Caballero proiektuaren ilustratzaile eta sustatzaileak, Ane Martinez Martinez eta Leire Aparicio Guerrero abeslariek eta Nerea Alberdi eta David Sanchez musikaren moldaketa eta produkzio arduradunek parte hartu dute.
Bergarak azaldu duenez, 2 eta 7 urte bitarteko haurrentzako eta familientzako zuzendutako egitasmo berria euskaraz sortutako marrazki bizidun digitalez osatutako proposamena da. Loa eta Laia ingurune digitalean jaio, bizi eta iraungo duten bi pertsonaia dira, www.loaetalaia.eus webgunean zein YouTubeko berezko kanalean (https://www.youtube.com/channel/UCooUznC4EZPW4TPpAfUv_UA).
Musika eta euskara dira egitasmoaren ardatzak, eta bi pertsonaiak eta inguruan dituzten lagunek "euskaraz eta Euskal Herrira begira ohiturak transmititu, edukiak landu eta ekintzak proposatuko dituzte". "Beti ere gizarte hobeago baten aldeko balore unibertsalak sustatuz eta modu atsegin, didaktiko eta erabilgarri batean", gaineratu du.
Horrela, euskal kultura eta gizartearekin lotutako egun handiak edota ohiturekin erlazionatutako ekintzak hartuta -Gau Beltza edo Euskararen Eguna, adibidez-, eta horiekin lotutako propio sortu diren abestien bidez, transmisioa landuko da.
Abesti bakoitza gai bati lotuta dago eta familian egiteko eduki osagarriak eta aparteko ekintzak proposatuko dira. Ildo horretan, Gau Beltzari dagokion edukia astearte honetan bertan estreinatuko da. Helburua hilero eduki berri bat sortzea izango da eta abendukoa euskara izango da.
Landutako gai bakoitzak abesti bat eta aparteko ekintza osagarri bat proposatuko ditu, adibidez, musikarekin lotutako gaiak ezagutaraztea (tresnak, erritmoak, notak), edota euskarazko hitzen hiztegia lantzea. Modu transbertsalean, Garapen Jasangarrirako Helburuak ere landuko dira.