BILBO 14 Dic. (EUROPA PRESS) -
Anduriña Zurutuza, Nerea Ariznabarreta eta Paula Alfieri aktoreek, Domentx Uzin musikariarekin batera, En La Lona konpainiaren "Sialuk, hartz txikiaren bidaia" izenburuko ikuskizun berria estreinatuko dute datorren igandean, abenduaren 18an, 17:00etan hasita, Gernika-Lumoko (Bizkaia) Lizeo Antzokian.
Istorioak agerian jartzen du adopzioa eta norberaren jatorriaren bilaketa. Sinboloz beteriko abentura-bidaia batean murgiltzeko gonbitea egiten du ikuskizunak, eta antzerki fisiko, pailazo, akrobazia, txotxongilo eta dantza garaikideko teknika desberdinak baliatzez gain, narrazioa eta zuzenean jotako musika ere tartekatzen ditu.
Pablo Ibarluzeak zuzendutako antzezlanak Agintzari kooperatibak egin eta Eusko Jaurlaritzak argitaratu zuen "Adoptia" gida du oinarritzat. Agintzari giza-heziketa zerbitzuak emateko gizarte ekimenerako kooperatiba da, eta adopzio, adopzioa-ondoko eta harrera arloak lantzen ditu batez ere.
"Sialuk, hartz txikiaren bidaia" ikuskizunak Sialuk hartz emea du protagonista. Sialik bere ama Nannuralukekin bizi da Ipar Poloan, zoriontsu. Hartz txikiak jaioterrira bidaiatuko du bere iragana ezagutzeko asmoarekin, bere historia eta bere ama biologikoarena ezagutzeko itxaropenarekin.
Samurtasuna, umorea eta poesia uztartzen ditu familiari buruz mintzatzen den antzezlanak, azken asmoa ikusleen artean sentimendu desberdinak eragitea izanik. Protagonistarekiko gertutasuna sortaraziz, zirrara, adiskidetasuna, poztasuna eta, agian, tristura eta beldur pixka bat ere nabarituko du ikusleak. Konpainiaren asmo nagusia "adopzioaz mintzatzeko hizkera argi eta zehatza proposatzea da, hitz eta esaldi zuzenak eskainiz", Paula Alfieri aktorearen esanetan.
2012. urteko urtarriletik aurrera, En La Lona konpainiak ikuskizunaren gaztelaniazko bertsioa eszenaratuko du, "El viaje de Sialuk, la osita parda" izenburuarekin.