Mad Muasel, La Furia, Fermin Muguruza eta Chalart58, 21. Korrikaren abestian

21. Korrikaren Kantua Aurkeztu Dute
AEK
Europa Press País Vasco
Actualizado: jueves, 29 noviembre 2018 16:59

BILBO, 29 (EUROPA PRESS)

Garestik Gasteizera 2019ko apirilaren 4tik 14ra egingo den 21. Korrikaren abestia aurkeztu dute ostegun honetan Bilbon. "Klika Korrika 2019" da kantaren izenburua, eta Fermin Muguruza izan da abestiaren zein bideokliparen zuzendari artistikoa. Mad Muasel, La Furia eta Fermin Muguruza bera dira interpreteak, eta musika Chalart58 musikari katalanak eta Muguruzak sortu dute elkarlanean.

Abestia aurkezteko prentsa agerraldia Bira kultur gunean izan da, eta, kantuaren hiru interpreteekin batera, Asier Amondo Korrikaren arduradunak eta Mertxe Mugika AEK-ko koordinatzaile nagusiak hartu dute parte. https://www.youtube.com/watch?time_continue=3&v=CkLiCzvbw9A loturan ikus daiteke bideoklipa.

Trap, dancehall eta hip-hop doinuak eta euskal tradiziokoak nahasten dira abestian, Fermin Muguruzak ohikoa duen estiloan. "Garestik Gasteizko bidea girotzeko kantu ezin hobea da, beraz, indartsua eta berritzailea", adierazi dute.

Amondok nabarmendu du bi mundu irudikatu dituztela kantuan, "talka adeitsuan". Hala, gogora ekarri du 12. Korrikaren soinu banda ere Muguruzak egin zuela. "Mundu bat bildu" izan zen Korrrika hartako leloa, eta 2001ean Gasteiz eta Baiona lotu zituen.

Korrikaren arduradunaren hitzetan, AEKren eta Korrikaren filosofiari jarraiki, talde lana lehenetsi da abestian, aurreko Korrika kantarekin egin zen bezala. Hain zuzen, hori frogatu dute bideokliparen grabazioan ere, 100 lagunek parte hartu baitute zuzenean edo zeharka.

Euskaraldia bete-betean dela aurkeztu dute 21. Korrikaren abestia. "Ferminek 'Klika' egin zuen bere garaian, eta 'belarriprest' izatetik 'ahobizi' izateko jauzia egin zuen. Horrek eta bere esperientziak bultzatu gintuzten berarekin harremanetan jartzera eta abesti honen enkargua egitera", azaldu du Amondok.

Contenido patrocinado