BILBO 11 May. (EUROPA PRESS) -
Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak egindako Makroeskualde Atlantikoa eratzeko proposamena "hiztun-elkarte txikiak
indartzeko aukera" izan daitekeela uste du Euskaltzaindiak, eta Arku Atlantikoan diren hiztun-elkarte txikiak ezagutarazteko, beraien arteko harremanak sendotzeko, hizkuntza eta kulturen inguruabarrean egitasmoak partekatzeko, ikerketa indartzeko eta ezagutzaren transferentzian lankidetzan jarduteko aukera balia dadila galdegin du.
Horrela, joan den martxoan Kantabriako, Asturiasko Printzerriko eta Galiziako presidenteekin batera Urkulluk egindako Makroeskualde Atlantikoa eratzeko proposamena "begi onez eta aukera gisa" ikusi du Akademiak, "mugikortasunaren, energia trantsizioaren eta bestelako gaien eremuan ez ezik, Arku Atlantikoan bizi diren hiztun-elkarte txikiagotuak ikusarazteko eta biziberritzeko ere".
Akademiak gogorarazi du eremu horretan, besteak beste, galizieraz, asturieraz, euskaraz, okzitanieraz edo bretoieraz hitz egiten duten milaka pertsona bizi direla eta hiztun-elkarte horiek hainbat errealitate dituztela, ezagutzaren, biziberritzearen eta aitortzaren ikusmoldetik. Gainera, estatu batean baino gehiagotan ere hiztun-elkarte batzuk bizirik dirautela esan du.
"Euskaltzaindia sortu zenetik, oso kontuan hartu du Akademiak euskara mugaz gaindiko hizkuntza dela eta euskararen lurralde guztietan lan egin behar dela hiztunen kopurua hazteko zein erabilera indartzeko. Horren haritik, hiztun-elkarte guztiei dagokie gutxieneko aitortza biziberritzeko aukerak izan ditzaten", azaldu du.
Horiek horrela, Euskaltzaindiak Urkulluri eskatuko dio hizkuntza eta kultura txikiak ere kontuan har daitezen Makroeskualde Atlantikoaren zereginak finkatzen direnean.
Era berean, Akademia prest agertu da, "Makroeskualde horren altzoan", sare bat antolatzeko Real Academia Galega, Academia de la Llingua Asturiana, Lo Congrs permanent de la lenga occitana, Ofis Publik ar Brezhoneg eta bestelako elkarte nahiz erakundeekin, "hiztun-elkarte txikiak Europako erakundeetan ikusarazteko, haien arteko lankidetza indartzeko, egitasmoak partekatzeko, bai eta pilatutako ezagutza transferitzeko ere, bereziki, teknologia berriak erabiliz".