Martín Baeza-Rubiok zuzenduko du igandean Bilboko Udal Musika Bandaren kontzertua

Martín Baeza-Rubio zuzendaria
BILBOKO UDALA
Europa Press País Vasco
Publicado: viernes, 19 noviembre 2021 18:00

BILBO 19 Nov. (EUROPA PRESS) -

José Rafael Pascual-Vilaplana Bilboko Udal Musika Bandaren zuzendari titularrak Martín Baeza-Rubio maisuari utziko dio taldearen ardura igandean, azaroaren 21ean, 'Hurbileko munduak' izenburuko kontzertuan. Bilboko Euskalduna jauregiko auditoriumean izango da, 12:00etan.

Baeza-Rubiok orkestra sinfoniko handietan esperientzia aparta du. Hainbat izendapen eta sari jaso ditu interprete, zuzendari eta kultur eta hezkuntza lanagatik. Prentsa espezializatuak goraipatu egiten du, eta etorkizun oparoa iragarri dio zuzendari gisa.

"Zalantzarik gabe, benetako ohorea da Bilboko taldearentzat Baeza-Rubiok aurtengo denboraldiko kontzertuetako bat zuzentzeko gonbidapena onartzea. Eszenatokien gainean gaur egun dagoen talenturik handienetako bat da, gogo biziz, indarrez eta musikaltasun miresgarriz zuzentzen duena", adierazi dute Bilboko Udal Musika Bandaren arduradunek.

Bada, igandeko emanaldian, Jesus Guridi, Giuseppe Verdi, Julio Gómez, Joaquín Turina, Pietro Mascagni, Richard Wagner, Manuel de Falla eta Luis Serrano Alarcon musikarien lanak entzun ahalko dira.

Sarrerak salgai daude Euskaldunako leihatiletan, www.euskalduna.eus webgunean eta Kutxabank kutxazainetan. Bost euroko prezioa dute publiko orokorrarentzat eta lau eurokoa 65 urtetik gorakoentzat, pentsiodunentzat, erretiratuentzat eta Gazte Txartelaren titularrentzat (gehi 1,50 euroko kudeaketa gastuak).

Contenido patrocinado