DONOSTIA 5 (EUROPA PRESS)
Mendi Tour BBK Mendi Film Bilbao Bizkaia nazioarteko jaialdiko film onenen zirkuitu ibiltaria 2026ko denboraldian murgilduta dago eta maiatzaren 12an Arrasateko (Gipuzkoa) Amaia antzokira iritsiko da, 14. edizioa betez, zirkuituko hitzordu aitzindarietako bat izanik.
Egun 50 bat hiri eta udalerritan eskaintzen dira Mendi Tour zirkuituko zinema saioak urte osoan, eta urte haseratik 9.500 ikusle bildu dituzte jada, jaialdiaren antolatzaileek nabarmendu dutenez.
Bada, iazko abenduan egindako azken edizioan nabarmendutako lau film eskainiko dira Arrasaten. 'Trail running', alpinismoa, eskalada eta eskia oinarri dituzten lanak dira, toki ikusgarrietan egindakoak: Boliviako Huayna Potosi, Illimani eta Sajama seimilakoak, Karakorumgo Trango dorreak, eta Txindoki eta Atxarte.
Pertsonaia ospetsuak ageri dira filmetan, hala nola Karina Carsolio eta Hillary Gerardi korrikalariak Julen Elorza arrasatearrak zuzendutako 'Cantos y Flores' film laburrean; Christina 'Lusti' Lustenberger, Chantel Astorga eta Jim Morrison alpinista eta eskiatzaileak 'Trango' filman, edota Mikel Saez de Urabain eta Iker Uranga 'Izarren zaunka' lanean. Alfonso Garcia getxoztarraren 'Un día al año' ere izango da ikusgai.
Besaide mendizale elkarteak Mendi Filmekin batera antolatutako ekimena da, eta Arrasateko Udalak babesten du, zirkuituko babeslea den EiTBrekin batera. Zineuskadi eta Ternua dira zirkuituko laguntzaile orokorrak. Saioa 19:00etan hasiko da eta sarrerak, 5 euroan, leihatilan bertan edo arrasate.eus web orrian eros daitezke. Jatorrizko bertsioetan eskainiko dira filmak (euskara, gaztelania eta ingelesa), Mendi Filmek sortutako azpitituluekin lagunduta.