BILBO 12 Abr. (EUROPA PRESS) -
Bilbao Mendi Film Festival jaialdiak eta Golem zinema aretoek mendi, abentura eta natura gaien inguruko zinemagintzarik onena eta berriena aurkeztuko dute Iruñean, Mendi Tour ekimen ibiltariaren bidez, apirilaren 23tik 26ra. Golem Baiona zinem aretoetan egingo da Mendi Tour, eta eguneko bina saio izango dira. Iaz 1.000 ikusletik gora bildu ziren Iruñeko lehen Mendi Tour eskaintzan.
Bilboko zinemaldiko arduradunek jakinarazi dutenez, hamar film eskainiko dira lau egunetan banatuta. Filmetako bat "Dirtbag: The Legend of Fred Beckey" izango da, Mendi Film Festivaleko 10. edizioko sari nagusia jaso zuen lana. Epaimahaiaren aipamen berezia jaso zuen "Mountain" eta sarituak izan ziren "The Last Honey Hunter", "The Frozen Road", "Mama" eta "Safety Third" ere izango dira ikusgai.
Halaber, "Al otro lado de la cuerda" filma lehen aldiz proiektatuko da Iruñean. Lau eskalatzaile iruindar ezagun daude protagonisten artean, eta emanaldian izango dira, apirilaren 23an. Javier Valero aragoarraren lana da, eta Arkaitz Yurrita eskalatzaile ormaiztegiarra da dokumentaleko ardatza. Pirinioetako horma desberdinetan eskalatzeko puntako sokalagunak bilatuko ditu, haien jarduera estiloa eta filosofia azaleratzeko asmoz, eta hor ageri dira Mikel Zabalza, Unai Mendia, Ekaitz Maiz eta Eneko Cesar iruindarrak.