Metro Bilbaok ia 21 milioi bidaia egin ditu bere "historiako udarik onenean"

Archivo - Bilboko metroa
EUROPA PRESS - Archivo
Europa Press País Vasco
Actualizado: viernes, 22 septiembre 2023 12:35

BILBO, 22 (EUROPA PRESS)

Metro Bilbaok 20.883.649 joan-etorri zenbatetsi ditu ekainetik abuztura, bere "historiako udarik onenean. Aurtengo udako bidaia kopurua iazkoa baino %16 handiagoa eta 2019an lortu zen pandemia aurreko urteko erregistrorik onena baino %2,5 handiagoa izan da.

Udako balantzea zein aurten izandako bidaia kopuruei buruzko gainerako datuak ostiral honetan jakinarazi dira Metro Bilbaoren administrazio kontseiluaren bileran, Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusi eta administrazio kontseiluko presidente berria buru zela.

Bileran azaldu dute aurreko hiletako goranzko joera irailean finkatu dela, oporren ostean eta lanera eta eskolara itzultzeko garaian, hain zuzen. Zehazki, orain arte Metro Bilbaok lanegunetako eskari historikorik onena berdintzea lortu du irailean, baita asteburuetan gainditzea ere (%15).

Datuak egunez egun eta ordu tarteka xehatuz gero, jaiegunetan eta aste barruko arratsaldeetan izan dira onenak. "Argi dago, beraz, hiriarteko trena aisialdiarekin loturiko joan-etorrietarako garraiobide publikorik egokiena dela", nabarmendu dute.

Gaineratu dute aurtengo Aste Nagusian ere sumatu ahal izan dela joera hori, Metro Bilbaoren historiako jendetsuena izan baita, 2,3 milioi txartel balioztatuta.

Bestalde, udaz haratago aurten metatutako datuei dagokienez, balantzeak dio iaz baino 8.605.507 bidaia gehiago egin direla (%16,96 gehiago). Mugikortasun eskaria berreskuratzeak eragin du igoera, batez ere lanegunetako arratsaldeetako eta asteburu eta jaiegunetako aisialdiari loturik.

Bidaien kopuruen datuak gorabehera, abuztuaren 25ean eta irailaren 7an izandako bi gertakariren berri eman da administrazio kontseiluan, besteak beste. Lehen kasuan, Areetan katenariaren kable bat apurtzeak kalea eragin zion zerbitzuari 20:25etik 00:15era, eta, ondorioz, egunean aurreikusi baino 26.000 inguru bidaia gutxiago egin ziren.

Bigarren gertakarian, Zazpikaleak eta Abando artean katenariaren kontaktu haria eten zenn. Zazpikaleak eta Indautxu arteko zerbitzua aldi batez moztu behar izan zen eta, ondorioz, bezperan baino 27.000 bidaia gutxiago zenbatu ziren.

Contenido patrocinado