BILBO, 1 (EUROPA PRESS)
Microsoft konpainia teknologikoak 15.000 dolarreko beka eman berri dio Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Bilboko Ingeniaritza Eskolako ikasle batek itsasoko ur gaineko aire sorgailuen errendimendua hobetzeko aurkeztu duen proiektuari. 'AI for Earth' ekimenaren bidez eman dio laguntza (Adimen Artifiziala Lurrarentzat), ingurumena kontserbatzeko berrikuntza onenak bilatzeko enpresak duen ekimenaren bidez, hain zuzen.
EHUko Bilboko Ingeniaritza Eskolako iturriek jakinarazi dutenez, kokatuta dauden plataformen gorabeheren ondorioz itsasoko aire sorgailu flotatzaileek izan ditzaketen potentzia galerak neurtzeko modua aztertzen du Lander Galera ikaslearen doktoretza tesiak. Potentzia galera horiek turbinaren errendimenduan izan dezakete eragina eta, ondorioz, elektrizitatea sortzeko kostuan.
'Maria' izena du proiektuak (Monitoring floAting platfoRms in offshore wind through artificIAl intelligence), eta Jesus Mari Blanco Bilboko Ingeniaritza Eskolako irakasleak eta Gregorio Iglesias Irlandako University College Cork erakundeko irakasleak zuzendu dute. Blanco irakaslea izan zen proiektuaren hautagaitza Microsoften aurkeztu zuena, enpresa multinazionalak antolatu zuen lantegia gainditu eta gero. Beste sustatzaile batzuek ere azaldu zituzten euren proposamenak lantegi horretan.
Horrela, bekaren 15.000 dolarrei esker, Azure izeneko Microsoften lainoko konputazio zerbitzu sofistikatua erabili ahal izango du Lander Galerak, eta horrek proiektuaren garapena azkartuko du. Plataforma horrek, sare neuronal artifizialen entrenamendua erabiltzen du, eta, ondorioz, itsas gaineko aire sorgailuen errendimenduan eragina duten aldagai guztiak lortzeko beharrezkoa den simulazio prozesua nabarmen murrizten da; aldagai horien artean daude olatuen norabidea, aldizkakotasuna eta altuera, haizearen abiadura edota aire sorgailuaren baldintza mekanikoak, besteak beste.
Microsoftek emaitza onak ikusten baditu, laguntzak jarraipena izango du. Horrela, proiektuak bigarren fasea hasiko luke, garapen aplikatura zuzendutako finantzaketa lerro berriarekin.
Bill Gates buru duen konpainiak, energia berriztagarriekin, bioaniztasunarekin, ur baliabideen kudeaketarekin, nekazaritzarekin edo klima aldaketarekin lotutako proiektuak bilatzen ditu mundu osoan 'AI for Earth' ekimenaren bidez, proiektuok bultzatzeko, sustatzaileei Microsoftek garatu dituen adimen artifizialeko soluzio guztiak eta lainoko konputazioa eskainiz.