Migratzaileen hizkuntza harreraren esperientziak eraman ditu Jaurlaritzak Estatuko Hizkuntza Politikako Protokolora

Palman egin den Hizkuntza Politikaren arloko Lankidetza Protokoloaren jarraipen batzordearen bilera
IREKIA
Europa Press País Vasco
Actualizado: jueves, 12 noviembre 2026 12:12

BILBO 12 (EUROPA PRESS)

Aitor Aldasoro Hizkuntza Politikako sailburuordeak eta Sonia Rodriguez Hizkuntza Ikerketa eta Koordinazioko zuzendariak Eusko Jaurlaritza ordezkatu dute ostegun honetan Palman egin den Hizkuntza Politikaren arloko Lankidetza Protokoloaren jarraipen batzordearen bileran, eta, Kataluniako, Galiziako, Balear Uharteetako, Nafarroako eta Valentziako gobernuetako ordezkariekin batera, esperientziak partekatu eta erronka komunak aztertu diruzte, bereziki migratzaileen hizkuntza harreraren arloan.

Eusko Jaurlaritzako iturriek jakinarazi dutenez, topaketa NPLD Europako Hizkuntza Aniztasuna Sustatzeko Sarea egunotan egiten ari den bilerarekin batera egin da, eta protokoloaren jarraipen batzordea osatzen duten Estatuko sei autonomia erkidegoetako 13 ordezkarik parte hartu dute.

Bertan jorratu dituzten gai nagusien artean, laster argitaratuko den eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetan lantzeko prestatutako Estatuko eleaniztasunari eta hizkuntza aniztasunari buruzko gazteei zuzendutako unitate didaktikoaren aurkezpena nabarmendu da.

Halaber, migratzaileen hizkuntza harrera lantzeko ekimenak partekatu dira. Erronka nagusia hizkuntza pertsonengana hurbiltzea eta prestakuntzarako sarbidea erraztea da, eta horretarako, lan munduarekin lotutako enpresa eta erakundeekin lankidetzan aritzearen garrantzia azpimarratu da.

Hizkuntza harrera protokoloaren parte diren gobernuen lan ildo nagusietako bat da, erkidego guztietan antzeman baita migratzaileei harrera egin eta laguntza emateko beharra, lurraldeko hizkuntza eta kultura ikas ditzaten. "Gobernuon arteko lankidetzak lagundu dezake kultur eta hizkuntz edukiak bateratzen, bai eta gaztelania ez diren hizkuntza ofizialetako A1 mailaren ziurtagiria ezartzeko sistemak harmonizatzen ere", Jaurlaritzaren arabera.

Palman egindako bilerako parte hartzaileek adostu dute lantalde bat sortzea garatzen diren proiektuen inpaktu adierazleak zehazteko, erkidegoetan gauzatutako ekimenen emaitzak ebaluatu ahal izateko eta arrakastazko esperientziak partekatzeko.

Espainiako Estatuko Hizkuntza Aniztasunaren Sustapenerako Sariari dagokionez, Voz Audiovisual etxeak ekoitzitako eta EITB, 3CAT eta TVG telebisten lankidetzarekin egindako 'Pensión Incompleta' telesailari emango zaion sarirako aurkezpena eta sari banaketa ekitaldia prestatzen ari dira elkarlanean. Ekitaldia datozen hilabeteetan egingo da Madrilen, aurreko edizioetan bezala.

Sari horrek Espainiako hizkuntza aniztasunaren defentsan eta sustapenean egindako lana aitortzen die pertsonei, erakundeei edo enpresei, bai eta gaztelaniarekin batera dauden hizkuntza ofizialen zabalkundean egindako ekarpena ere.

AURRERAPENAK

Bestalde, ikus-entzunezko edukien plataforma nagusietan hizkuntza ofizialetako edukien emisioari buruzko aurrerapenen berri partekatu da, eta RTVErekin izandako azken harremanen berri ere eman da. Aurrerapenen artean daude edukien azpititulazioa eta bikoizketa, nahiz eta oraindik lan handia egiteko dagoen. Eskakizun horien helburua Ikus-entzunezko Komunikazioaren Lege Orokorra betetzen dela bermatzea da, bereziki haurrei zuzendutako Clan katean.

Protokoloaren jarraipen bileran interes komuneko beste gai batzuk ere jorratu dituzte, hala nola Eusko Jaurlaritzak Garabide elkartearekin lankidetzan abiarazi duen Hizkuntza Biziberritze Prozesuetan Dauden Komunitateen Mundu Federazioa eratzeko proiektua. Federazioa kide berriak hartzera irekita egongo da, elkarteak zein gobernuak izan daitezkeenak.

Ildo horretan, Eusko Jaurlaritzako ordezkariek 'III. Mundu Biltzarra - From Basque to the World' aurkeztu dute. 2027ko urriaren 20an, 21ean eta 22an egingo da, eta eduki akademikoak nahiz atal praktiko bat izango ditu.

Contador

Contenido patrocinado