BILBO, 16 (EUROPA PRESS)
Mintzapraktika egitasmoan izena emateko epea ireki dute berriz Euskal Herriko herri askotan urte berria hasterarekin batera. Irailetik talde ugari daude martxan, eta orain aukera dago talde berriak sortzeko eta zaletasun berriak proposatzeko. Informazio guztia eskuragarri dago https://mintzalaguna.taupamugimendua.eus/ webgunean, Taupa Euskaltzaleen Mugimenduko iturriek jakinarazi dutenez.
Mintzapraktrika egitasmoak euskara praktikatzeko espazioak eskaintzen ditu zenbait helbururekin, besteak beste, parte hartzaileak euskararen erabileran trebatzeko, galdutako ohitura berreskuratzeko edota euskarazko harreman berriak egiteko. Ondorioz, ekimenak "hiztun berriak gizarteratzen ditu, euskararen erabileran eragiten du eta euskara zaletasun bilakatzen du".
Tauparen arabera, azken urteetan "bilakaera polita" izan du mintzapraktikak, eta hartzaileen interesetara eta momentuko testuingurura egokitzeko gaitasuna izan du, "formula berriak martxan jarriz eta emaitza politak jasoz".
Formula berri horien artean dago mintzapraktika eta zaletasunak uztartzearena, eta Euskal Herrian zehar asko dira horrela sortu diren taldeak: kakorratz taldeak, eskalada taldeak, bizikleta taldeak, mendi taldeak, boxeo taldeak eta abar. Parte hartzaileei gehien gustatzen zaiena mintzapraktikarekin uztartu eta asteroko zitari motibazio gehigarri bat jartzen dioten taldeak dira.
Hain zuzen ere, ikasturte honetan, 'Eta euskaraz egiten badugu?' lelopean abiatutako kanpainan, zaletasunen inguruko taldeak sortzeko deia egin zen, eta dei horri erantzunez, hainbat dira herri ezberdinetan martxan jarritako taldeak.
ERABILERA BIDERKATU
Euskaltzaleen Topagunea Taupa Euskaltzaleen Mugimendua izatera pasa zen 2024ko abenduan. Euskararen erabilera biderkatzeko baldintzak sortzea du erronka nagusi, datorrena "erabileraren aroa" izan dadin, eta mintzapraktika horretarako "egitasmo gakoa" da.
"Izan ere, azken 30 urteotan euskaraz lasai eta eroso aritzeko guneak eta uneak sortu ditu, euskal hiztunak ahaldundu eta hizkuntzaren erabilerarako pausu hori ematen lagunduz", nabarmendu dute Taupatik.
Tokian toki zein nazio mailan norbanakoak aktibatzeko gaitasuna duen egitasmoa da mintzapraktika, eta, geroz eta gehiago, bakoitzak ahal eta nahi duen heinean parte hartzeko formulak proposatzeko helburua duena. "Izan ere, euskarak denok behar gaitu eta denok jarri dezakegu gure aletxoa hizkuntzaren biziberritze prozesuan", gaineratu dute.
Bada, urte berriarekin batera, egitasmoan izena emateko epea zabaldu da herri askotan. Irailetik talde ugari daude martxan, eta orain aukera dago talde berriak sortzeko eta zaletasun berriak proposatzeko. Horretarako https://mintzalaguna.taupamugimendua.eus/ webgunean dago informazio guztia eskuragarri.