BILBO, 12 (EUROPA PRESS)
Mixel Itzaina idazle eta ohorezko euskaltzain baxenabartarra zendu da, 92 urte zituela, Euskaltzaindiak sarean argitaratu duen ohar batean jakinarazi duenez.
Alduden (Nafarroa Beherea) jaio zen Mixel Itzaina, 1933ko otsailaren 19an, eta Kanboko Udaleko idazkari izatetik erretiroa hartuta zegoen. Euskaltzaleen Biltzarreko buru ohia izan zen, baina, batez ere, euskal kulturaren eragile "nekaezina".
"Ipar Euskal Herriko bertsolaritzaren sustatzaile porrokatua, urte zailetan lan izugarria egin zuen alor honetan", nabarmendu dute Euskararen Akademiatik.
Biografia esanguratsuak ondu zituen ('Mixel Labéguerie', 1999; 'Louis Dassance', 2008; 'Xalbador', 2014), eta hainbat artikulu idatzi 'Herria' eta 'Gure Herria' aldizkarietan.
Euskaltzaindiak urgazle izendatu zuen 1967ko abuztuaren 25ean, eta ohorezko, 2014ko maiatzaren 30ean. Akademian, Herri Administralgo hiztegia (1979), Bertsolaritza (1978-1985) eta Herri Literatura (1985-1993) batzordeetan jardun zuen.