Mugaz Gaindiko Uda Ikastaroen 2026ko ediziora ikastaro proposamenak aurkezteko epea ireki dute

Mugaz Gaindiko Uda Ikastaroen 2026ko ediziora ikastaro proposamenak aurkezteko epea ireki dute
UIK
Europa Press País Vasco
Actualizado: lunes, 1 diciembre 2025 11:21

BILBO 1 (EUROPA PRESS)

Mugaz Gaindiko Uda Ikastaroen bosgarren edizioaren antolakuntza abian da, eta ikastaro proposamenak aurkezteko epea zabalik dago astelehen honetatik urtarrilaren 18ra bitarte. 2026ko edizioa ekainaren 29tik uztailaren 3ra arte izango da, Baionan, eta antolakuntza taldeak interesa izan dezakeen orori ikastaro proposamenak egiteko gonbidapena luzatu die.

Mugaz Gaindiko Uda Ikastaroak 2022an sortu ziren, Akitania Berria, Euskadi eta Nafarroa euroeskualdeko unibertsitate publikoen lankidetzari esker, eta mugaz gaindiko tokiko agintarien laguntzarekin.

Bada, antolatzaileek jakinarazi dutenez, ikastaroek unibertsitate eta erakunde zientifikoetan sortutako ezagutza zabaltzea dute xede eta mugaz gaindiko herritarrei, ikaslegoari eta mundu akademikoari zuzenduta daude.

Proposamenak lantzerakoan, aintzat hartu beharko da, gutxienez, mugaz gaindiko eskualdeetako bi erakunde publiko edo pribaturen partaidetza izan beharko dutela, eta horietako bik estatu desberdinetakoak izan beharko dutela. Era berean, zuzendari bakoitzak proposamen bakarra aurkeztu ahal izango du.

Ikastaroetan landuko diren gaiei dagokionez, interes sozial edo zientifiko ezberdinen ingurukoak izan daiteke, beti ere mugaz gaindiko ikuspegia txertatuz. arkitektura eta hirigintza, kultura eta artea, hezkuntza, osasuna, ekonomia, nutrizioa eta gastronomia, zientzia eta teknologia, klima aldaketa eta Garapen Jasangarrirako Helburuak (GJH) dira iradokitako gaietako batzuk.

Ikastaroak publiko orokorrari zuzenduak izango dira, baina baita akademikoei, ikasleei eta profesionalei begira antolaturikoak ere. Bereziki baloratuko da publiko gazteenaren partaidetza sustatzea. Gazteen parte hartzea sustatzeko eta haien intereseko gaietara hurbiltzeko, proposamenek prestakuntzan doktoreak, profesionalak edo gizarte eragile gazteak sartzeko aukera kontuan hartzea iradoki dute.

Araudian jasotzen den bezala, egindako ikastaroen edukiak sarbide irekiko argitalpen batean plazaratu ahal izango dira, obra kolektibo modura, Presses Universitaires de l'UPPA (PUPPA) argitaletxearen 'Schola' bilduman.

Metodologiari eta formatuari erreparatuz, partaidetza sustatzeko metodologiak baliatuko dira eta amaierako mahai inguru bat izango dute, gutxienez. Ikastaroak aurrez aurre eman beharko dira baina sarean parte hartzeko aukera egongo da. Iraupenari dagokionez, egun bakarreko ikastaroak sustatuko dira.

HIZKUNTZAK

Ikastaroak Akitania Berria, Euskadi eta Nafarroa euroeskualdeko edozein hizkuntza ofizialetan egin ahalko dira, hau da, euskaraz, gazteleraz zein frantsesez, eta premietara aldi bereko itzulpena egokituko da ikastaro bakoitzaren.

Proposamenak lantzerakoan kontuan hartu beharreko irizpideak araudian dira eskuragarri eta EHUko Uda Ikastaroak Fundazioaren (UIK) plataformaren bitartez aurkeztu beharko dira.

Mugaz Gaindiko Uda Ikastaroak 2022an sortu ziren, Akitania Berria, Euskadi eta Nafarroa euroeskualdeko unibertsitate publikoen lankidetzari esker, eta mugaz gaindiko tokiko agintarien laguntzarekin.

Egitasmoa hurrengo erakunde hauen lankidetzaren emaitza da: L'Universite de Bordeaux (UB), Euskal Herriko Unibertsitatea (EHU), EHUko Uda Ikastaroak Fundazioa, L'Universite Bordeaux Montaigne (UBM), L'Universite de Pau et des Pays de L'Adour (UPPA), Nafarroako Unibertsitate Publikoa (NUP)m Euskampus Fundazioa, CNRS/IKER zentroa eta Maison des Sciences de Humaines de Bordeaux (MSH Bx).

Halaber, uda ikastaroek mugaz gaindiko tokiko erakundeen babesa dute, Gipuzkoako Foru Aldundiarena, Communauté d'Agglomération Pays Basque-rena eta Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa euroeskualdearena, hain zuzen ere.

Contenido patrocinado