BILBO, 10 (EUROPA PRESS)
Bilboko Udalak antolatzen duen Musika-Música jaialdiaren aurtengo edizioak 28.000 pertsona baino gehiago bildu ditu eskainitako 88 ekitaldietan. Euskalduna jauregian izan dira ekitaldiak, joan den ostegunetik igandera, hala kontzertuak nola musikaren inguruko informazio saio nahiz saio pedagogikoak, 'Helburua, Paris' goiburuarekin.
"Musika-Música jaialdia erreferentzia da Estatuan, eta aukera bat era guztietako publikoentzat eta profesionalentzat musika klasikoko esperientzia bakan batez gozatzeko eta ikasteko, maratoi formatuan eskaintzen dena, guztientzako moduko prezioekin. Esperientzia horrek erakusten du zer garrantzi daukaten jaialdiak berak eta orobat kulturak Bilboko sustatzaile ekonomiko eta sozial moduan", adierazi dute Bilboko Udaletik.
Hiru egun hauetan zehar, 4.000 minutu musika eskaini dira, eta, guztira, 800 artistak parte hartu dute, era bateko eta besteko nazionalitateetakoak, bai eta kontserbatorioetako 500 ikaslek ere. Horrela, publikoak aukera izan du XIX. eta XX. mendeetako Parisera bidaiatzeko, eta nazioarteko ospea duten interpreteez gozatu ahal izan du, hala nola Berlioz, Saint-Saens, Fauré, Debussy eta Poulanc, Farrenc, Arriaga, Chopin, Offenbach edo Stravinsky.
Aurreko edizioetan bezala, publikoa, batik bat, bertakoa izan da, baina nabarmentzekoa da urtero Frantziatik jaialdiaz gozatzera etortzen den ikusle multzo handia ere.