BILBO, 31 (EUROPA PRESS)
Nafarroako Bertsolari Txapelketa urriaren 7an abiatu eta abenduaren 2ra bitarte luzatuko da, baina aurretik, bi aurrekanporaketa saio jokatuko dira, txapelketan parte hartuko duten bertsolarien zerrenda osatzeko. Bada, lehen saioa joan den ostiralean izan zen, Larraunen, eta hurrengoa ostiral honetan izango da, ekainaren 2an, Etxaurin.
Bertsozale Elkartetik jakinarazi dutenez, txapelketako araudiaren arabera, azken ekitaldian parte hartu zuten bertsolariek bakarrik dute bermatuta txapelketarako txartela. Sekula parte hartu ez dutenek edota 2021koa baino lehenagoko edizioren batean parte hartutakoek, aldiz, aurrekanporaketa fasea jokatu beharko dute, txapelketara sailkatzeko. Saioak osatzeko, azken txapelketako azken hiru sailkatuak ere batu zaizkie horiei guztiei.
Gauzak horrela, 17 bertsolari dira dagoeneko urrian hasiko den txapelketarako sailkatuta daudenak, eta 12 aurrekanporaketak jokatuko dituztenak. Azken horietatik zazpik lortuko dute sailkapen txartela -saioetako irabazleak, eta puntuazioaren araberako lehen bostak-, eta beraz, 24 bertsolarirekin abiatuko da txapelketa urrian. Aimar Sagastibeltza, Amaia Telletxea, Cesar Etxeberria eta Joseba Beltza ariko dira epaile lanetan aurrekanporaketetan.
Etxauriko saiorako sarrerak www.bertsosarrerak.eus atarian eskura daitezke (bost euroan arruntak, lau euroan bazkideenak eta hiru euroan 18 urtetik beherakoenak). Etxauriko Udalak egitasmoaren laguntzaile da.
Saioa udaletxeko aretoan egingo da, 18:30ean, eta Ainara Ieregi Aranburu, Aitor Irastortza Arrizurieta, Bittori Elizalde Soto, Egoitz Gorosterrazu Elizagoien, Eki Mateorena Zozaia eta Saats Karasatorre Martinez arituko dira; Ander Aranburu Arriola izango da gai jartzailea.