'Ni naiz Lete' dokumentala estreinatuko du ostegunean Bilboko BBK Salak

Xabier Lete
BBK
Europa Press País Vasco
Actualizado: miércoles, 2 diciembre 2020 16:18

BILBO, 2 (EUROPA PRESS)

Bilboko BBK Salak 'Ni naiz Lete' dokumentalaren estreinaldia eskainiko du ostegunean, abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Egunarekin bat eginez eta sortzaile oiartzuarraren heriotzaren hamargarren urteurrena gogoratzeko. Bertsolaritza, musika edo literaturako 20 bat euskal sortzailek hartu dute parte lanean.

Iban Gonzalez Pagaldaik zuzendu eta BBK-k, Baleukok eta ETBk ekoitzi dute ikus-entzunezkoa, eta ordubete pasatxoan Leteren "ikuspegi poliedrikoa" eskaintzen du. "Zalantza barik, XX. mende amaierako artista garrantzitsuenetako bat izan zen euskaraz, eta oraintxe betetzen dira hamar urte hil zenetik", gogoratu dute BBKtik.

Film dokumentalean, Xabier Leterekin harreman estua izan zuten pertsonek parte hartu dute, hala nola haren arreba Arantzak, edota Antton Valverdek, Bernardo Atxagak, Toti Martínez de Leceak eta Karmele Jaiok, besteak beste.

Osteguneko estreinaldiaz gain, ostiralean, hilaren 4an, emanaldi irekia izango da BBK Salan bertan, 19:00etan, eta sarrerak https://salabbk.bbk.eus/ni-naiz-lete/ web orrian deskarga daitezke. Ekitaldian, publikoaren parte hartze aktiboarekin batera, Kukai dantza taldeak eta Joxan Goikoetxea soinu jotzaileak parte hartuko dute.

XABIER LETE

BBKtik nabarmendu dutenez, Xabier Lete, Lourdes Iriondo emaztearekin batera, 'Ez dok amairu' mugimenduko partaideetako bat izan zen, hain zuzen, euskara ardatz izanik, 1970eko hamarkadan hainbat arteren berpizkundea ekarri zuen kolektibokoa.

Leterenak dira jada herriaren oroimen kolektiboaren parte diren kantak, 'Xalbadorren heriotzean', 'Izarren hautsa', 'Ni naiz' edota
'Euskalerri nerea', besteak beste. Bereak dira baita 'Egunetik egunera orduen gurpilean', 'Bigarren poema liburua' edo 'Egunsentiaren esku izoztuak' moduko literatur lanak.

Sortzaile izateaz gain, Xabier Letek lan garrantzitsua egin zuen administrazio publikoaren arloan 1980ko hamarkadan, Gipuzkoako Aldundian, lehenik Kulturako zuzendari nagusi gisa, eta ondoren Kulturako diputatu modura.

Contenido patrocinado