Nazioarteko hamar talde lehiatuko dira Getxoko 70. Zirkuitua - 15. Ricardo Otxoa Memorialean uztailaren 31ean

Europa Press País Vasco
Actualizado: miércoles, 22 julio 2015 16:21

BILBO, 22 (EUROPA PRESS)

   Nazioarte mailako hamar talde irtengo dira Getxoko 70. Zirkuitua - 15. Ricardo Otxoa Memorialean uztailaren 31ean. Lasterketa Punta Galea Txirrindulari Elkarteak antolatzen du, Getxoko Udalarekin eta beste hainbat erakunde eta babeslerekin elkarlanean. Proba 09:30ean hasi eta 13:30 inguru amaituko da, eta 170 kilometroko zirkuitua izango du, Getxo, Berango eta Leioa herri bizkaitarrak lotuz.

   Getxoko nazioarteko txirrindulari probak bere kokapenari eutsi dio Txirrindularitzaren Nazioarteko Batasunaren (UCI) egutegian eta, 80.000 euro inguruko aurrekontuarekin, 14.500 euro inguru banatuko ditu saritan.

   Aurreko urteetan bezala, irteera eta helmuga Getxoko epaitegien aurrean egongo da eta helmuga Ereagako hondartzatik gora doan aldapa bukaeran. Edizio honetan parte hartuko duten taldeak Movistar, World Tour mailakoa; Rusvelo, Caja Rural eta Cofidis, kontinental profesional mailakoak; eta Bike Aid, Burgos BH, Murias, Keith Mobel Partizan, Inteja MMR eta Start-Massi, kontinental mailakoak, izango dira.

   Joseba Arrizabalaga Punta Galea Txirrindularitza Elkarteko presidente eta lasterketako zuzendariak babesleei eta kolaboratzaileei beren laguntza eskertu die, eta ezaugarri honetako Europako froga bakarra dela gogorarazi du, hiri barruko ibilbidea duelako. "Oso zaila da antolatzeko gurutzebide ugari daudelako. Horregatik, klubeko jendeari eta uztaila heltzen denean gure egoitzara laguntzera hurbiltzen diren Getxoko pertsona ezezagunei eskerrak eman behar dizkiegu", esan du.

   Edizio honetan, lasterketako ohorezko zuzendaria John Talen holandarra izango da, 1989an Getxoko Zirkuitua irabazi zuena eta 14 denboralditan zehar PDM-Concorde eta Mercatone Uno-Medeghini taldeetan profesional gisa lehiatu zena.

   Getxoko Udaltzaingoak trafikoari dagokionez neurri bereziak hartuko ditu bai lasterketaren aurreko egunean, bai lasterketa ospatuko den goizean zehar, ekitaldiaren segurtasuna bermatzeko.

Contenido patrocinado