Netflix Euskaraz ekimenak amaitutzat eman du bere ibilbidea

Archivo - Netflix Euskaraz ekimenaren aurkezpena 2021eko apirilean Durangon
NETFLIX EUSKARAZ - Archivo
Europa Press País Vasco
Actualizado: martes, 15 julio 2025 9:58

BILBO, 15 (EUROPA PRESS)

Netflix Euskaraz ekimenak bukatutzat eman du bere ibilbidea ia lau urte eta erdiko jardunaren ondoren. Ekimena 2021eko otsailaren 16an abiatu zuten, sinadura bilketa herritar baten bidez, Netflix plataformari eskatzeko edukiak euskaraz emateko, eta guztira 13.800 herritarren sinadurak lortu dituzte.

Ekimeneko kideek eskerrak eman dizkiete denbora honetan guztian babesa adierazi dieten norbanako eta eragileei: "Bildutako indarrari esker lortu da Netflix eta Prime Video bezalako erraldoiak edukiak euskaraz bikoiztuta eta azpidatzita eskaintzen hastea."

Edonola ere, beren iritziz, herri aktibazioan eta kontzientziazioan asko aurreratu den arren, ez da horrela izan euskal erakundeen politika publikoetan. "Lau urte hauetan, Eusko Jaurlaritzak ez du gaiari heltzeko inolako borondaterik adierazi. Ez du pausorik txikiena egin Netflix, Prime Video edo Disney Plus bezalako 'streaming' plataforma nagusietan euskarazko eskaintza duina bermatzeko", salatu dute.

"Larritasun maila izugarriko afera" dela uste dute, ikus-entzunezkoetan gaur egungo kontsumo ohiturei eta erronkei ez erantzuteak "izugarrizko kaltea" eragiten diolako hizkuntzari, eta, bestetik, "Eusko Jaurlaritza ez delako legea betetzen ari". "Ez da Espainiako Ikus-entzunezko Komunikazioaren Lege Orokorrak ezartzen dizkion betebeharrak betetzen ari", gaineratu dute.

Ekimeneko kideek gogorarazi dute Ikus-entzunezko Komunikazioaren Lege Orokorrak dioela "ikus-entzunezko lan bat diru publikoz berezko hizkuntzan bikoiztuta badago, tokian tokiko erakunde publiko autonomikoa dela bikoiztutako bertsio hori 'streaming' plataformetara bidaltzearen eta gaiari jarraipena egitearen arduraduna".

"Aukera erreala genuen hizkuntzaren normalizazioan jauzi handi bat egiteko. Euskarak aukera zuen lau haizetara zabaltzeko, eta, 'streaming' plataformen eremuan, hein batean, gainerako hizkuntzen pare egoteko", deitoratu dute.

PUBLIKOA ETA PRIBATUA

Era berean, Netflix Euskaraz ekimeneko kideek adierazi dute auzia ez dela publikoaren eta pribatuaren arteko eztabaida, "Norbaitek pentsa dezakeelako 'streaming' plataformak konpainia pribatuak direla eta, ondorioz, ez dugula hor eragin behar, ez duela zentzurik euskarak hor egoteak".

"Guk dioguna da euskararen normalizazioan aurrera egiteko, politika publikoak ez direla eremu publikoan eragitera mugatu behar. Erakundeek eremu publikoan zein pribatuan euskararen eta euskarazko lanen presentzia bermatzearen alde egin behar dute", azpimarratu dute.

Ildo horretan, ekimeneko kideen ustez, "euskara normalizatuko bada, esparru publikoan zein pribatuan eragiten asmatu dugulako izango da. Euskara ikus-entzunezkoetan normalizatuko bada, euskarazko hamarka dozena lan merkaturatu eta zabaldu direlako izango da, ez bestela".

EITB

Bestalde, Netflix Euskaraz ekimeneko ordezkariek txalotu dute EITBk kokatu duela bere burua 'streaming' plataformen artean, "egin beharrekoa" zen zerbaut, hain zuzen ere, eta ongietorria egin diete Primeran eta Makusi plataformei.

Orain, beren iritziz, "aurrekontu oparoak bideratuta eta kalitatezko eskaintza erakargarria osatuta, EITBk frogatu beharko du abangoardia dela euskararen biziberritzean".

"Berari eta ez beste inori baitagokio jendarteari, eta, bereziki, gizarteko geruza zaurgarrienei, telebista konbentzionalean zein eskari bidezkoan, euskararako sarbide unibertsal eta doakoa bermatzea", azaldu dute.

Horrela, adierazi dute "arretaz" jarraitu beharko dela Primeran eta Makusi plataformek etorkizunean hartzen duten norabidea, "EITBren komunikazio-proiektua osotasunean aztertuta, ez dugulako aldaketarako eta baikortasunerako zantzurik ikusten: erdara lege da EITBn".

"Ongietorria EITBren plataformei, baina euskarak, normalizaziorako eta hedapenerako, urrezko aukera galdu duela deritzogu, Eusko Jaurlaritzak 'streaming' plataforma nagusietan eragin nahi izan ez duelako. Ematen du Jaurlaritzako eta EITBko buruek nahi dutela EITB izatea euskarazko zerbitzua ematen duen operadore bakarra. Badirudi nahi dutela EITB izatea euskarazko eskaintzaren kontrol esklusiboa", kritikatu dute.

Zentzu horretan, defendatu dute "horrekin hautsi beharra" dagoela, "euskarak, ikus-entzunezkoetan, EITBren monopolio izateari uzten dion egunean jauzi erraldoi bat emango dugulako euskararen normalizaziorantz aurrera".

"Euskara normalizatzea eremu guztietan edo ahalik eta gehienetan, euskararen presentzia eta erabilera naturalizatzea baita. Horregatik deritzogu hain pozgarria Netflix, Prime Video edo RTVE konpainien ahotik entzutea euskarazko edukiak eskaintzen hasiko direla. Horrekin hausten duelako", esan dute.

DIGLOSIA

Netflix Euskaraz ekimeneko kideentzat, "muineko arazoa da hizkuntza diglosia estrukturala dela, baita politika publikoetan ere", eta Eusko Jaurlaritzak euskara eta euskarazko kultura "bigarren mailakotzat" jotzen dituela, "EITBn eta EITBz harago".

"Sakoneko eztabaida da Eusko Jaurlaritzako kultura eta ikus-entzunezkoetako diru-partidak nora bideratu behar ditugun, gaztelerara ala euskarara, gaztelerazko lanetara ala euskarazkoetara", ohartarazi dute.

Izan ere, Netflix Euskarazen iritziz "gaur egun, sos publikoa lehentasunez gaztelerazko kulturara, ikus-entzunezkoetara eta hedabideetara bideratzen da. Berdintsu gertatzen da Euskal Irrati Telebistan: gaztelerazko edukietara bideratu izan da urteetan aurrekontu handiena, gaztelerazko kateak sustatu eta prestigiatu dira eta euskal hiztunak EITBren gaztelerazko programetara bideratu dira".

Ekimeneko kideen ustez, "adierazle asko" daude erakundeetatik "gauzak ondo egin ez direla esaten digutenak", eta bereziki aipatuko dute bat: "euskal (euskarazko) kulturgintza osoa kexu dela".

"Kulturgintzan, sorkuntzan, itzulpengintzan, bikoizketan urteetan euskaratik eta euskaraz aritu izan diren artista eta profesionalak kexu dira. Eusko Jaurlaritzak eta EITBk ez ditu zaindu. Indarrean izan dituzten kultura eta ikus-entzunezkoetako politikek eta lan egiteko moldeek prekarizaziora eta lana abandonatzera bultzatu dituzte", salatu dute.

Azkenik, Netflix Euskaraz-eko kideek euskara eta euskarazko kulturaren alde lanean jarraitzeko konpromisoa berretsi dute eta herritarrei dei egin diete aktibatu eta mobilizatu daitezen: "Euskara eta euskarazko kultura larrialdi egoeran daude eta herri aktibazioak soilik aterako ditu ataka horretatik. Ekin diezaiogun gogoz euskarazko kulturgintzaren alde, euskarazko kulturarik gabe etorkizunik eta esperantzarik gabeko komunitatea baikara".

Últimas noticias sobre estos temas

Contenido patrocinado