Noka Ekoizpena programak bi proiektu berri hautatu ditu bigarren ediziorako

Archivo - Noka Ekoizpenaren lehen edizio bileretako bat
ZINEUSKADI - Archivo
Europa Press País Vasco
Publicado: viernes, 28 febrero 2025 13:23

DONOSTIA 28 Feb. (EUROPA PRESS) -

Emakume zuzendari eta ekoizle hasiberriei laguntzeko Noka Ekoizpena programak bi proiektu berrirekin abiatuko du bigarren edizioa. Zineuskadi elkarteak Tabakalera zentroarekin batera sustatu eta koordinatutako ekimenaren lehenengo modulua martxoaren 13an egingo da, Donostian.

Euskal Herrian jaio edo bizi diren eta fikziozko edo ez-fikziozko film luzeen proiektuak esku artean dituzten emakume zuzendari berriei zuzendutako programa da Noka Ekoizpena, lehen edo bigarren filmarekin ari direnei, hain zuzen ere. Horiez gain, Espainiako Estatu mailako enpresa ekoizle baten barruan lanean ari diren edo beren kabuz arituko diren emakume ekoizleek ere parte hartuko dute formakuntzan.

Bada, ekimenaren arduradunek jakinarazi dutenez, 'La Koreana' eta 'Canción animal' lanen "ibilbide arrakastatsuaren ondoren", programaren bigarren deialdiak Zaira Zanguituren 'Pajarracos' eta Maria Monrealen 'El santo que vestí' obrak aukeratu ditu. Laura Lizuma eta Margarita Rodriguez ekoizleek ere parte hartuko dute proiektu horietan.

Bi lanak garapenaren azken fasean eta aurreprodukzioaren hasieran daude, eta hainbat adituren aholkularitza izango dute gidoia eta ekoizpena amaitzeko prozesuetarako.

Orobat, aurten hautatutako bi proiektuen jarraipena egingo duten lau tutoreak ere hautatu dituzte. Gidoi eta zuzendaritza atalean, Mar Coll zinemagile, gidoilari eta irakaslea eta Itsaso Arana aktore, gidoilari eta zuzendaria arituko dira.

Ekoizpenari dagokionez, aholkulari izango dira Chelo Loureiro ikus-entzunezko formatu oso desberdinetan esperientzia luzea duen ekoizlea, eta Valerie Delpierre Inicia Films etxearen sortzaile eta ikus-entzunezkoen industriaren barruan aniztasuna eta inklusioa sustatzen dituen ekoizlea.

NOKA EKOIZPENA

Noka Ekoizpena programak denbora, espazioa, testuingurua eta laguntza profesionala eskainiko die zinemagileei. Ekimenaren helburuetako bat aurrekontu doituak osatzea da, Eusko Jaurlaritzaren eta Espainisako Gobernuko Kultura Ministerioaren Zinema eta Ikus-entzunezkoen Institutuaren zein nazioarteko industria zinematografikoko foro profesionalen laguntzak eskatze aldera.

Gainera, parte hartzaileek ekoizpena planifikatzeko laguntza jasoko dute, filmaketarekin hasi ahal izan daitezen, eta prozesua amaitzeko, 'pitch' profesional bat egingo dute Abycine Lanza zinema independenteko profesionalentzako erreferentziazko merkatuan.

Hain zuzen ere, Noka Ekoizpena programaren lehen edizioan parte hartu zuten bi proiektuek sari bana jaso zuten azoka horretan: 'Canción animal' filmak ECAM Forum Saria irabazi zuen, eta 'La Koreana' lanak Porto Post Doc Saria. Gainera, azken hori Ikusmira Berriak programaren 11. edizioan aukeratu dute.

Contenido patrocinado