DONOSTIA 10 Nov. (EUROPA PRESS) -
Norte Apache rap taldeak kontzertua eskainiko du bihar, Euskal Herriko Unibertsitateko Gipuzkoako campuseko kultur egitarauaren baitan, arratsaldeko 19:00etan hasita, Donostiako Ignacio Maria Barriola eraikineko auditoriumean. Sarrera irekia izango da, EHUko iturriek jakinarazi dutenez.
Bilbotik etorritako Norte Apache taldeak "Hesiaren beste aldean" izeneko bere lehenenmgo diskoa aurkeztuko du. Bertan, Sow Enesti, Dan, El Shintoma, Fat Fish eta Dj Alf musikariek parte hartu dute. Sentimenduak eta indarra dute sorburu euskarazko rap musikaren garai berria markatzen duen talde honek.
Bestalde, aurrera jarraitzen du Zine Klubaren egitarauak. Oraingoan, EHUren Zuzenbide Fakultateko Gradu Aretoan, 14:30etan, "Fresa y chocolate" filma emango dute, latinoamerikar zinemagintzari buruz egiten ari den zikloaren baitan. Sarrera irekia izango da.