Oilo Pop jaialdia izango da larunbatean Bermeon, Amaia Miranda, Rüdiger, Xsakara, Gori-gori eta LaMia Marirekin

Oilo Pop jaialdiaren kartela
MUST
Europa Press País Vasco
Publicado: viernes, 1 agosto 2025 10:35

BILBO 1 Ago. (EUROPA PRESS) -

Talari kultur elkarteak eta Must kooperatibak Oilo Pop formatu txikiko musika jaialdia antolatu dute larunbaterako, abuztuaren 2rako, Bermeon (Bizkaia), eta Amaia Miranda, Rüdiger, Xsakara & Aritz Lertxundi, Gori-gori eta LaMia Mari bildu dituzte egitarauan.

Antolakuntzako iturriek jakinarazi dutenez, bakarlari edo bikote formatuko jaialdiaren lau edizio egin ziren pandemia aurretik eta ordutik ez da berriro antolatu, aurten arte. Berriro antolatzeko aitzakia eta motiboetako bat Bermeoko Talako Kantinaren urteurrena izan da.

Jaialdia eguerdian hasi eta iluntzera arte luzatuko da: eguerdian, salazoia egiteko erabiltzen zen arrantzale lonja zahar batean egingo da; arratsaldean, Talan, agertoki barik, eta gauean Kafe Antzokian.

Artista zerrendan dauden musikariek pop musikaren aniztasuna ordezkatuko dute. Horrela, eguneko lehen kontzertua Amaia Miranda gitarrista, konpositore eta abeslari bilbotarrak eskainiko du, eguerdian. Musika klasikoa ikasi zuen eta gerora jazz, inprobisazio eta musika garaikidean murgildu. Bartzelona eta Euskal Herria artean bizi da.

Gitarra da bere musikaren protagonista, estilo intimo eta delikatuan, minimalismoaren eta folk kantautore ukituen artean mugitzen da. Azkenaldian Gorka Urbizuren bandako kidea da zuzenekoetan. Bakarlari gisa bi disko eta hainbat EP argitaratu ditu.

Rüdiger Felix Buff musikari beratarraren proiektua da, eta bakarka ariko da Talan, gitarra, pedal, efektu eta ahots. Urte luzez hainbat banda eta proiektutan aritu ostean, batez ere Willis Drummond taldearen bateria jotzaile gisa da ezaguna.

2020ko amaieran kaleratu zuen lehenbiziko diskoa: 'Before it's Vanished'. Ordutik beste bi lan argitaratu ditu, ildo berekoak, musikari bikainekin lagunduta. Sormen handiko musikaria da, urte askoan besteen proiektuen itzalean aritua.

Xsakara (Xabier Gutierrez, Bermeo, 1997) rap, trap eta elektronikaren ibilbidean pausu sendoak ematen ari den musikari eta kantaria da. Euskal gazteriaren eguneroko arazoez hitz egiten du bere abetsietan.

Oilo Pop jaialdirako zerbait lasaiagoa prestatu du, akustikoan ariko baita Aritz Lertxundi lagunarekin batera, Aizoo eta Etxekalte taldeetan aritutako gitarrista, abeslari eta musikariarekin, alegia.

Bestalde, Ainara Gurrutxaga antzezle eta abeslaria errenteriarrak eta Ander Fernandez musikari hendaiarrak osatzen dute Gori-gori. Hainbat egitasmo artistikotan ibilitako bi sortzaileren "amets kosmikoen soinu banda asmatzeko ahalegina" da, eurek deskribatzen dutenez.

Sintetizadoreak, klarinetea, marinbak eta jarrera punkia dituzte. Erritmo elektroniko errepikakorren gainean, "testura hipnotikoak eta mugimendu akustiko teatralak" erabiltzen dituzte, "ahotsarekin eszena kuriosoak deskribatzeko, dantzara salto egin aurretik".

Talako kontzertuak amaituta, LaMia Mari dja (Oihana Razkin, Donostia, 1993) ariko da Kafe Antzokian. Elektronika, musika urbanoa, klub dekonstrukzioa, global bass, guaracha, amapiano, gqom, kuduro, soca, shatta, vogue beats, rkt, bouyon, dembow edo jersey club doinuak uztartuko ditu.

JAN-EDANA

Tokiko produktuei protagonismoa emanez, Oilo Pop jaialdiaren antolatzaileek eskaintza interesgarria osatu dute, eta, Talako Kantinaren ohiko eskaintzaz gain, Gure Poke foodtruck eta Must kooperatibaren garagardo artisauak izango dira.

Talari kultur elkartea eta Must kooperatiba txikia dira 2025eko Oilo Pop jaialdiaren antolatzaileak, Talako Kantinaren, Valentina Ridolfi ekoizlearen eta bolondres talde baten laguntzarekin. Edalontzi berrerabilgarriak eta kontainer hori pare bat ipiniko dituzte inguruetan, Tala ahalik eta garbien gera dadin.

Nuntxaku kultur elkartea, Bermeoko Txosnak eta Bermeoko Kafe Antzokia jaialdiaren antolakuntzaren parte aktibo izan dira, baita herriko dj gazteak ere. Modu kooperatiboan aritu dira denak, baliabide teknikoak elkarbanatuz (musika ekipoak eta azpiegiturak).

Contenido patrocinado