BILBO, 17 (EUROPA PRESS)
Biscay Marine Energy Platform (BiMEP) Bizkaiko kostaldean kokaturiko itsas energiak probatzeko zentroak gailu flotagarri berria izango du datozen egunetan. Olatuen energia sortzeko tresna bat da, Arrecife Energy Sistems euskal enpresak egin du eta itsas baldintza errealetan probak egiteko ainguratuko da, Energiaren Euskal Erakundeko iturriek jakinarazi dutenez.
Arrecife Energy Systems enpresa 2016an sortu zen, Bilboko Ingeniaritza Eskolako Hidrodinamikako katedradun baten jatorrizko ideiatik abiatuta patentatu zen diseinu berri bat garatzeko. Funtsean, BiMEPek jasoko duen sistema olatuak apurtzen diren arrezife natural baten portaeran oinarritzen da, eta, energia hori baliatuta, errulo itxurako errotore batzuk birarazten ditu, sorgailu elektrikoak mugiarazteko.
Lehen maketa egindakoan, oraingo gailua 1/3 eskalan egin da, Tacomi enpresak Derion dituen instalazioetan, Arrecife proiektuan bazkide den enpresan, hain zuen ere. Sorgailu berritzailearen neurriak hauek dira: 13 metro luze, 3,5 metro zabal eta 9 tona pisu. Amarradurari begira, 25 tonako ainguratzea erabiliko da.
Gailua datozen egunetan izango da BiMEPen instalazioetan, Armintzan, ainguratzea behar bezala egiteko olatu eta itsasoaren baldintzak egokiak direnean. Horren ostean, lehen probak egingo dira, diseinuaren eta funtzionamenduaren hipotesiak egiaztatze aldera itsas baldintza errealetan, hala nola flotagarritasuna, gogorra den ingurune gaziarekiko erresistentzia eta diseinuaren funtzionamendu zuzena. Energiaren Euskal Erakundeak itsas energiak sustatzeko duen diru laguntzen programara aurkeztu zuen proiektu hori Arrecife enpresak.
Arreciferekin batera, dagoeneko bi enpresak eman dute pausoa aurrera BiMEPen instalazioen alde, olatuen energia aprobetxatzeko gailuak ikertzeari begira itsasoan. Lehena Oceantec-Idom euskal enpresa teknologikoak izan zen; bere gailuak probatzen uztailean amaitu zuen, hiru urtez jarraian saiakuntzak egiten egon ondoren.
Beste hornitzaile batzuen hamar egitasmo eta esperimentu ere burutu dira Armintzako uretan; bertan ainguratuak, zenbait osagai eta tresna probatu ahal izan dira, adibidez, korrosioa, buiak eta itsas konektoreak.
PENGUIN
Aurrekoaz gain, BiMEP itsas energien nazioarteko esparruan ere ari da lanean, eta, neguan, olatuen energia sortzeko hirugarren gailua iritsiko da instalazioetara: Penguin. Finlandian horrelako teknologia garatzen duen WELLO enpresarena da, itsasontzi itxura duen gailu flotagarria du eta olatuen bidez energia sortzeko gai da.
Hain zuzen ere, Energiaren Euskal Erakundearen bulegoetan bilera izan da astearte honetan WELLO enpresako kideen eta itsas alorreko euskal enpresa hornitzaile batzuetako arduradunen artean, Energiaren Klusterraren eta Euskal Itsas Foroaren lankidetzan, itsas proiektuak elkarrekin garatzeari begirako bideak jorratzeko asmoz.