On Zientzia lehiaketako zientzia eta teknologiari buruzko bideo labur onenak saritu dituzte Elhuyarrek eta DIPCk

Europa Press País Vasco
Publicado: jueves, 29 mayo 2025 19:01

DONOSTIA 29 May. (EUROPA PRESS) -

Elhuyarrek eta DIPC Donostia International Physics Center zentroak hamabosgarren urtez antolatu duten On Zientzia bideo lehiaketaren sari banaketa ekitaldia izan da oistegun honetan Donostiako Tabakaleran, eta 'Etorkizuna gaur' eta '¿Cómo se forman realmente los bebés' bideoek jaso dute sari nagusia.

Adolfo Morais Ezquerro Eusko Jaurlaritzako Zientzia eta Berrikuntza sailburuordeak, Jon Abril Olaetxea Elhuyarreko koordinatzaile nagusiak, Aran Garcia Lekue DIPCko proiektu estrategikoen zuzendariak, Marian Iriarte Ormazabal EHUko errektoreorde eta epaimahaikideak eta Javier Aizpurua Iriazabal BasQ zuzendari zientifikoak banatu dituzte sariak.

Bada, antolatzaileek jakinarazi dutenez, zientzia eta teknologiari buruzko bideo laburrak eta originalak ekoiztea eta hedatzea du helburu On Zientzia bideo lehiaketak.

Aurten 94 lan jaso dira, eta bideo gehienak euskaraz aurkeztu badira ere, izan dira gaztelaniazko eta ingelesezkoak ere, parte hartzaileen artean mundu osoko jendea baitago. Lan gehienak Euskal Herritik aurkeztu dira, baina hainbat bideo jaso dira Perutik edota Filipinetatik ere, besteak beste. Aurkeztu diren bideo guztiak ikusgai daude www.onzientzia.tv webgunean.

Bada, 3.000 euroko dibulgazio bideo onenaren saria euskarazko eta gaztelaniazko lan banari batera ematea erabaki du aurten epaimahaiak: batetik, Isadora, Renata eta Leonel Virosta Gutierrez anai-arreba kantabriarrek jaso dute saria, '¿Cómo se forman realmente los bebés?' bideoarengatik, eta, bestetik, Unai García Lopez andoaindarrak, 'Etorkizuna gaur' bideoari esker.

Halaber, euskarazko bideo onenaren saria (2.000 euro), Joseba Zabala asteasuarrarentzat izan da, 'Ezkutuko erraldoiaren eragina' lanarengatik, eta Ubay Moll Ruiz ikasle donostiarrak jaso du Gazte Saria (1.000 euro), 'Platano erradioaktiboak' bideoarengatik.

Aurten, gainera, Nazio Batuen Erakundeak (NBE) 2025a Zientzia eta Teknologia Kuantikoaren Nazioarteko Urtea izendatu duenez, epaimahaiak kuantikari buruzko bideo onenaren BasQ saria eman du (500 euro), eta Enric Ponce de Leon fisikari bartzelonarrak jaso du, 'Quantum Café' lanarengatik.

Marian Iriarte Ormazabal EHUko Harreman Instituzionaletarako eta Kulturako errektoreordea, Jon Mattin Matxain Beraza EHUko Kimika Fakultateko dekano eta DIPCko elkartua, Itxaso Azcune Tolosa DIPCko komunikazio teknikaria eta Nagore Rementeria Argote Elhuyarreko kide eta 'Teknopolis' programako zuzendaria izan dira epaimahaikideak.

Contenido patrocinado