'Oraina kontakizun' jardunaldien edizio berriak 'erresistentzia' izango du hizpide Bilbon, urtarriletik martxora

'Oraina Kontakizun' Jardunaldien Edizio Berria.
ZENBAT GARA
Europa Press País Vasco
Actualizado: martes, 12 diciembre 2023 13:11

BILBO, 12 (EUROPA PRESS)

Zenbat Gara elkarteak eta Bira kulturguneak 'Oraina kontakizun' jardunaldien bigarren edizioa antolatu dute Bilbon 2024ko urtarriletik martxora bitarte, eta 'erresistentzia' kontzeptuari erreparatuko diote solasaldiek, euskal sortzaileak binaka gonbidatuta, bakoitzak gaia bere ikuspuntutik garatu eta, ondoren, aurkezle-eragile baten galderei jarraituta.

Ekimenaren lehenengo edizioan bezala, lau saio izango dira, urtarrilaren 23an hasi eta martxoaren 5era bitartean, bi Kafe Antzokian eta beste bi Bira kulturgunean, Bilbon, antolatzaileek jakinarazi dutenez.

Aurreko ikasturtean, 2023ko otsailean eta martxoan, Lorea Agirrek, Harkaitz Canok, Mari Luz Estebanek, Lur Albizuk, Txabi Landabideak, Katixa Agirrek, Jule Goikoetxeak eta Maialen Lujanbiok hausnartu eta eztabaidatu zuten "errelatu" hitzaren gainean. Jardunaldi haietan bildutako zenbait gogoeta argitaratu berri dira Durangoko Azokan, liburuxka formatuan.

"Ikasturte honetan atzera ere ibili nahi dugu bide horretan barrena. Jarraitu nahi dugu kontatzen eta entzuten, 'erresistentzia' hitzaren inguruan oraingoan. Bi adiera ditu erresistentzia hitzak: bateko, oztopoa, traba, zailtasuna, mesfidantza, errezeloa, aski negatiboa; besteko, iraun, bizi, aurrera jarraitu, sortu, positiboa", azaldu dute.

Saio bakoitzean bi sortzaile arituko dira solasean, euskaratik eta euskaraz. Nork bere talaiatik abiaturik, 'erresistentzia' hitzaren bateko eta besteko adieretan sakonduko dute eta, ondoren, euren artean eta publikoarekin solastatzeko aukera izango dute moderatzailearen eskutik.

Zehazki, urtarrilaren 23an Joxe Mari Agirretxe eta Yolanda Arrieta arituko dira (Galder Perez moderatzaile), otsailaren 6an Anjel Lertxundi eta Danele Sarriugarte (Ana Galarraga), otsailaren 20an Anari eta Iñigo Astiz (Julen Azpitarte) eta martxoaren 5ean Iñi Etxezarreta eta Aner Peritz (June Fernandez).

Ikusle kopuru mugatua izango da, 90 lagunekoa, eta aldez aurretik eman beharko dute izena orainakontakizun@gmail.com helbidera idatzita. Lau saioetarako matrikularen prezioa 25 euro da (20 euro langabeak eta ikasleak). Sarrerak eta aurreko jardunaldien liburuxkak 30 euro balio dute (saio bakoitzerako sarrerak bakarrik jarriko dira salgai baldin eta edukiera ez bada betetzen matrikulekin).

Contenido patrocinado