Osakidetzak adi jarraitzeko eta gripearen aurka txertatzeko deia egin du, Gabonak hurbil daudela eta

Txertatzen
OSAKIDETZA
Europa Press País Vasco
Actualizado: jueves, 20 noviembre 2025 14:15

BILBO 20 (EUROPA PRESS)

Osakidetzak erne jarraitzeko eta gripearen aurkako txertoa jartzeko deia egin die herritarrei, intzidentzia areagotu delako eta Gabonak hurbil daudelako.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak nabarmendu dute gripearen aurkako txertaketak "erritmo onean" aurrera jarraitzen duela, jarritako dosi kopuruak %16 gora egin baitu iazko aldi berarekin alderatuta.

Edonola ere, erne jarraitzeko deia egin eta pertsonak gripe edo covid bezalako arnas gaixotasunetatik babestearen garrantzia azpimarratu dute, kutsatzeen gailurra aurten aurreratu egingo dela aurreikusten baita eta Gabonetako datak gertu daudelako; gehiago elkartzen garaiak dira, eta, beraz, kutsatzeko probabilitatea biderkatu egiten da.

Gripearen eragina 100.000 biztanleko 238 kasukoa da gaur egun Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE), eta hazten jarraituko du datozen asteetan.

Gripearen aurkako 531.922 txerto eta covidaren aurkako 284.134 txerto eman dira azaroaren 19ra arte. 75 urte edo gehiagoko pertsonen %70ek bi txertoak jaso dituzte aldi berean, eta egoitzetan dauden pertsonen txertaketa estaldura %84koa da gripearen kasuan eta %72koa covidarenean.

Gainera, 6-59 hilabete arteko haurren artean 23.075 ume txertatu dira, hau da, %35 estaldura. Gripearen txertaketa 5 urte arteko haurretan oso garranzitsua da, konplikazio larrietatik babesteko eta birusaren hedapena murrizteko, bereziki pertsona kalteberak, hala nola aitona-amonak edo gaixotasun kronikoak dituzten haurrak babesteko.

Haur txikiak kutsatzeko iturri nagusi bat dira, eta, beraz, txertoak jartzeak nabarmen gutxitzen ditu ospitalizazioak, larrialdietara egindako bisitak eta birusaren transmisioa oro har.

Emakume haurdunen gripearen aurkako txertaketari dagokionez, estaldura %49koa da gaur egun, eta zifra oso positiboa da garai hauetan, kontuan hartuta iaz kanpainaren amaierako estaldura %52koa izan zela. Era berean, osasungintzako profesionalen artean gripearen aurkako txertoaren 12.720 dosi eman dira, hau da, iaz baino %30 dosi gehiago.

Gauzak horrela, gripearen eragina 238 kasukoa da 100.000 biztanleko EAEn, eta, lurraldeka, handiagoa da oraindik ere Bizkaian (333 kasu 100.000 biztanleko), eta zertxobait txikiagoa Araban eta Gipuzkoan (140 eta 128 kasu, hurrenez hurren).

OSPITALEAK

Bestalde, inpaktuak gora egiten jarraitzen du EAEko ospitale sarean, eta 5.363 kasu artatu eta 553 erietxeratze izan dira; zifra horiek 2024an erregistratutakoak baino askoz ere handiagoa dira, data horietan 2.143 kasu eta 108 erietxeratze artatu baitziren, birusa aurten aurreratu dela baieztatz.

Une honetan, oheen okupazio maila %75ekoa da, eta kontingentzia plana jarriko da martxan, beharrezkoa den unean erietxeetan ohe gehiago jarriz.

Horregatik, Osakidetzak berriro nabarmendu du txertaketa "oso garrantzitsua" dela, "funtsezko tresna baita arnas gaixotasunak prebenitzeko", eta herritarrak txertaketari buruzko informazioa jasotzera eta kanpainan aktiboki parte hartzera gonbidatu ditu.

Ildo horretan, eta jakinda Gabonetan kontaktuak ugaritzen direla, garrantzitsua deritzo ospakizunetarako gripearen eta covid-19aren aurrean ondo babestuta egotea, are gehiago aurten kutsatzeen gailurra aurreratu daitekeela kontuan hartuta.

Horrela, Euskal Osasun Sistemak biztanleria osoaren immunizazioan jarri du arreta, baina bereziki xede taldeenean: 60 urtetik gorakoak, haurdunak, gaixotasun kronikoak dituzten pertsonak, haurrak eta osasun profesionalak.

Haurren kasuan, Osakidetzak beste dei bat egiten die familiei txertoa jar diezaieten, ez bakarrik gripeak osasunean eragin ditzakeen konplikazioengatik, baizik eta birusa transmititzeko ahalmen handia dutelako ere.

Contenido patrocinado