Osakidetzak astelehenean zabalduko die herritar guztiei gripearen aurkako txertaketa

Gripearen aurka txertatzen
EUROPA PRESS-IÑAKI BERASALUCE
Europa Press País Vasco
Publicado: domingo, 14 noviembre 2021 11:26

BILBO 14 Nov. (EUROPA PRESS) -

Osakidetzak gripearen aurkako txertaketa kanpainarekin jarraitzen du, eta herritar orok hitzordua hartzeko aukera irekiko du datorren astean. Horrela, astelehenetik, azaroaren 15etik, gripearen aurkako txertoa jarri nahi duen edonork jaso ahalko du, arrisku taldean egon ez arren. Kanpaina urriaren 18an abiatu zenetik, Osakidetzak 287.500 dosi baino gehiago eman ditu (65 urteti gorakoei horien %82).

Aste hau amaitu arte, 65 urtetik gorakoen kolektiboak jarraituko du deiaren erdigune izaten, bai eta gaixotasun kronikoren bat dutenak edo haurdun dauden emakumenak ere, arrisku taldeetan baitaude. Edonola ere, datorren astetik aurrera, nahi duten pertsona guztiei emango zaie txertoa, iaz egin zen bezala, immunitate kolektibo handiagoa lortzeko.

Horrela, astelehenetik aurrera hitzordua hartzeko, Osakidetzak gomendatu du bere webgunea erabiltzea, telefono lineak osasun arretarako libre uzteko. Sarean hitzordua hartzeko arazoa dutenek osasun zentrora deitu ahalko dute; deitzean, emango dizkieten aukerei jarraikiz, 2 tekla sakatu beharko dute, hitzordua emateko.

Kanpaina urriaren 18an abiatu zenetik, Osakidetzak 287.500 dosi baino gehiago eman ditu. Datu hori 2019koarekin alderatuta, %30 gehiago eman dira, baina 2020an baino %15 gutxiago, kontuan hartuta 2020an, pandemiaren ondorioz, salbuespenezko parte hartzea izan zela.

Dosi gehienak 65 urtekoei edo gehiagokoei eman zaizkie; zehazki, emandako guztien %82. Gripearen aurkako txertoa hartu duten 70 urtetik gorakoen artean, %35ek aldi berean covid-19aren aurkako txertoaren hirugarren dosia jaso du; hori egin ahal izateko, bigarren txertoa hartu denetik sei hilabete baino gehiago igaro behar izan dira.

Gripearen aurtengo kanpainarako, Osakidetzak laubalioko txertoa aukeratu du, gripearen anduien aurkako babesa areagotzen baitu. Zehazki, 651.333 dosi eskuratu ditu, guztira; kopuru hori handitu ahalko da, beste %20 ere, eskari handiagoa badago.

Txertoa jartzeaz gain, Osasun Sailak eta Osakidetzak gogorarazi dute gripea prebeni daitekeela, baldin eta neurri batzuk betetzen badira, besteak beste, eskuen higienea, jendetzak ekiditea, espazio itxiak aireztatzea eta maskara erabiltzea, azken hori nahitaezkoa dela kontuan hartuta, bai barrualdeetan bai kanpoaldeetan, baldin eta segurtasun distantzia gorde ezin bada.

Contenido patrocinado