'Parketarrak' ekimenak euskaraz jolasteko aukera emango du Donostiako 22 jolasgunetan

Archivo - 'Parketarrak' ekimena
AYUNTAMIENTO - Archivo
Europa Press País Vasco
Publicado: lunes, 5 mayo 2025 9:06

DONOSTIA 5 May. (EUROPA PRESS) -

Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak eta auzoetako euskara batzordeek antolatzen duten 'Parketarrak' egitasmoak euskaraz jolasteko aukera eskainiko die astelehenetik ostiralera 3 eta 9 urte bitarteko haurrei maiatzean zehar, Jon Insausti Euskara zinegotziak iragarri duenez.

Hain zuzen, Donostiako 17 auzotako parke eta jolaslekutan antolatuko dira euskarazko jolas dinamizatuak, astelehen honetatik, maiatzaren 5etik, hilaren 23ra arte.

Aiete, Altza Herrera, Altza Casares, Antigua, Añorga, Amara-Olaeta, Amara-Araba parkea, Amara-Rafael Ruiz Balerdi plaza, Bidebieta, Easo-Arroka plaza, Egia-Martin Santos plaza, Egia-Atotxa Zelaia plaza, Gros-Katalunia plaza, Gros-Nafarroa Behera plaza, Ibaeta, Intxaurrondo, Loiolako Erribera, Martutene, Morlans, Parte Zaharra-Zuloaga plaza, Txomiñenea eta Zubietan egingo da ekimena.

Jolasa da 'Parketarrak' jardueraren funtsa, erreminta "ezin hobea" delako hizkuntza barneratzeko, eta jolasguneetan jartzen diren dinamizatzaileek gidatzen dute ekimena. Adinaren eta parte hartzaile kopuruaren arabera, bi talde antolatzen dira: Zabu Zibu taldea 3-5 urteko haurrentzat, arduradun batek lagunduta, eta Txirrintxon, 6-9 urte bitartekoentzat. Ekimena doan eskaintzen da.

Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak eta auzoetako euskara batzordeek antolatzen dute jarduera, hizkuntzaren erabilera aisialdian indartzeko asmoz. Jolasgunetan antolatzen da, martxoan, maiatzean eta urrian, haurrak eta familiak kalean jolasean dabiltzanean, euskaraz aritu daitezen.

Insaustik azaldu duenez, haurraren lehenengo hilabete eta urteetan garrantzitsua da etxeko giroan euskarari tokia ematea eta arlo ludikoan ere asko erabiltzea. Gero, umea handitzen doan heinean, harreman sareak eratzen hasten da, eta, une horretan ere, "oso garrantzitsua da laguntxoekin euskaraz ongi pasatzeko aukerak izatea, lagunarteko hizkera indartzea eta komunikazio ohiturak euskaraz eraikitzea, ezagutzen joaten diren pertsona eta harreman sare berriekin".

Bada, 'Parketarrak' egitasmoak horretan laguntzeko baliabideak eskaintzen dizkie haurrei eta familiei. Horrela, jardueraren dinamizatzaileek erakusten dituzten jolas edo jarduerak beste edozein unetan ere erabil daitezke, kalean nahiz etxean, eta helduek ere, parkean dauden bitartean, euskaraz egiten dute.

'Parketarrak' ekimenaren aurreko txanda martxoan izan zen eta, egun batzuetan oso eguraldi txarra egin zuen arren, 900 umek baino gehiagok parte hartu zuten hiru astez antolatu ziren saioetan.

Contenido patrocinado