BILBO 3 Dic. (EUROPA PRESS) -
Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak adierazi du euskararen erabilera areagotzea dela egungo belaunaldiaren erronka nagusia, eta euskara arnasberritzeko "jauzi kualitatibo bat" emateko beharra nabarmendu du.
Euskararen Nazioarteko Egunaren harira egin ditu adierazpenak Pradalesek astearte honetan, Eusko Jaurlaritzak Euskalduna Bilbao jauregian antolatutako ekitaldian, gobernuko sailburu guztiak eta beste hainbat herri agintari eta eragile bertan zeudela.
Iraganean banaka zein taldean euskararen alde konprometitu ziren eta egunero euskara ehundu zuten guztiei aitortza egin eta eskerrak eman ondoren, Jaurlaritzako lehendakariak esan du belaunaldi bakoitzak bere erronkak dituela, eta horrela, adierazi duenez, "nire gurasoen ametsa guk, anaiok, euskaraz ikastea bazen, gure gaurko ametsa eta betebeharra da gure seme-alabek euskaraz bizitzeko aukera izatea".
"Erabilera areagotzea dagokigu. Hortxe dugu erronka. Hurrengo belaunaldiek, ume eta gazteek, euskaraz ondo ikasi ostean, aisialdian euskaraz bizi ahal izatea amesten dut. Ikasketak bukatzean, lanean, lankide artean, bulegoan eta kanpora begirako harremanetan, euskaraz bizi ahal izatea amesten dut. Gurera datozen herritar berriei, euskaraz harrera beroa egingo diegula amesten dut", esan du.
Era berean, sorkuntzan eta eremu digitalean ere euskarak presentzia sendoa izateko beharra nabarmendu du, "teknologiei euskaraz hitz egin eta euskaraz erantzuna jasotzeko, esaterako".
Ildo horretan, euskara arnasberritu ahal izateko eta hori guztia egi bihurtzeko, ordea, "jauzi kualitatibo bat" eman behar dela nabarmendu du, "momentua ondo ulertu eta herri estrategia egokiak aktibatu". "Seguru naiz, gure gurasoek amestu eta asmatu zuten bezala, guk ere gauza bera egingo dugula", gaineratu du.
Edonola ere, jauzi hori emateko, "euskara ez dakitenen babesa ere beharrezkoa" dela ziurtatu du, eta "atxikimendu eta konplizidade berriak" lantzeko beharra aipatu du, "modu positiboan adostasuna zabaltzeko".
"Zubiak behar ditu euskarak. Era askotako zubiak, baita zubi emozionalak ere. Euskarak guztion mugimendua behar du, guztiona delako euskara: euskaldunena, euskaldun izango direnena eta baita ez direnena ere. Komunitate sendo, bizi eta kohesionatu bat dugu helburu. Egin dezagun elkarrekin bide hori", adierazi du.