Actualizado 05/03/2021 16:05 CET

PreFant zikloak lau film eskainiko ditu Bilbon martxoan eta apirilean, Fant zinemaldiaren aurrerapen modura

Fant 27ren kartela.
BILBOKO UDALA

BILBO, 5 (EUROPA PRESS)

Bilboko Udalak antolatzen duen Fant Zinemaldi Fantastikoak maiatzaren 7tik 16ra bitarte egingo du 27. aldia, baina aurretik, PreFant zikloak bi aurrestreinaldi eta bi film klasiko eskainiko ditu martxoan eta apirilean, Bizkiako hiriburuko Golem-Alhondiga zinema aretoetan.

Antolatzaileek jakinarazi dutenez, lehen emanaldia martxoaren 10ean izango da, Natalie Erika James-ek zuzendutako 'Relic' filmaren aurrestreinaldian. Hurrengo hitzordua martxoaren 25ean izango da, Jonathan Demme-ren 'The Silence of the Lambs' klasikoarekin, zinema aretoetan estreinatu zeneko 30 urte igaro direla aprobetxatuz.

Bestalde, apirilaren 22an, eta A Contracorriente Films banatzailearekiko elkarlanari esker, 'Peninsula' filmaren aurrestreinaldia izango da, 'Train to Busan' filmaren jarraipena. Azkenik, apirilaren 29an, 'The Ring' japoniar film klasikoa proiektatuko da.

Emanaldiak 19:00etan hasiko dira, eta sarrera doan izango da, baina egunean bertan jaso beharko da Golem-Alhondiga zinema aretoetako leihatiletan (bi sarrera pertsonako, gehienez ere), 16:00etatik aurrera.

KARTELA

Bestalde, Fant jaialdiaren antolatzaileek 27. edizioko kartela aurkeztu dute. 'The Ring' filmak inspiratua da, eta ikusleak "izu eta suspentse giro batean murgiltzera gonbidatzen ditu". "Irudiak proposatzen du eguneroko bizimoduko lekurik ohikoenean sor daitekeela ustekabea, eta gaitza dela errealitateari ihes egitea", adierazi dute.

Halaber, jaialdiaren iragarkia Imanol Ortiz zuzendari bilbotarrak egingo du. Fanten aurreko aldian euskal film laburrik onenaren saria irabazi zuen Ortizek, 'Moda' lanarekin.