Renove Smart Industry programak 9 milioi euro banatuko ditu euskal industriaren modernizazio teknologikoa bizkortzeko

Barakaldoko BECen egiten ari den BIEMH 2026 - Makina Erremintaren Nazioarteko Biurtekoan parte hartzen duten fabrikazio aurreratuko euskal enpresa txiki eta ertainetara egin duen bisitan egin du iragarpena Mikel Jauregik
IREKIA
Europa Press País Vasco
Actualizado: miércoles, 4 marzo 2026 15:06

BILBO 4 (EUROPA PRESS)

Mikel Jauregi Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburuak iragarri du Renove Smart Industry programaren laguntzak eskatzeko epea irekiko dela ostiralean, martxoaren 6an. Aurten, programak bederatzi milioi euroko aurrekontua du, eta makina-erremintaren industriaren modernizazio teknologikoa, automatizazioa eta digitalizazio aurreratua bultzatzeko laguntzak banatuko ditu.

Barakaldoko BECen egiten ari den BIEMH 2026 - Makina Erremintaren Nazioarteko Biurtekoan parte hartzen duten fabrikazio aurreratuko euskal enpresa txiki eta ertainetara egin duen bisitan egin du iragarpena Jauregik asteazken honetan.

Horrela, Renove Smart Industry programaren bidez, makineria berria eta ekipamendu aurreratua -bai hardwarea, bai softwarea- erosteko laguntza emango zaio euskal industriari. Horrek aukera emango dio makina-erremintaren industriari ingurune produktibo adimendun, konektatu eta eraginkorragoetara eboluzionatzeko, eta, hala, fabrikazio aurreratuaren esparruko 4.0 industriako proiektuak garatzea erraztuko da.

Jauregik nabarmendu duenez, "Euskadik makina-erremintan lider izaten jarrai dezan, inork baino azkarrago egin behar dugu korrika", eta Eusko Jaurlaritzak Renove Smart Industry programa indartu duela jakinarazi du, "gure industriaren modernizazio teknologikoa bizkortzeko helburuarekin".

2025ean, Renove programak 49,8 milioi euro mobilizatu zituen inbertsio pribatuan, zortzi milioi euroko laguntza publikotik abiatuta, eta 185 proiektutako makineriaren modernizazioa ekarri zuen. Fabrikazio aurreraturako funtsezkoak diren teknologiak ditu ardatz programak, hala nola robotika, adimen artifiziala edo biki digitalak. "Enpresa txiki eta ertainetan jartzen dugu arreta, haien lehiakortasunean irabazteko eraldaketa bultzatuz", azpimarratu du sailburuak.

Contador

Contenido patrocinado