Rikardo Arregi XXXII. Kazetaritza Saria abian da

Azaroaren 26an iragarriko dira irabazleak, Andoaingo Bastero kulturgunean 'Xabier Lete gogoan' goiburupean egingo den ekitaldian

Ezkerretik eskuinera: Patxi Baztarrika, Mikel Arregi eta Estibalitz Alkorta
ANDOAINGO UDALA
Europa Press País Vasco
Actualizado: miércoles, 27 mayo 2020 13:05

DONOSTIA, 27 (EUROPA PRESS)

Rikardo Arregi Kazetaritza Sariaren 32. deialdia egin du Andoaingo Udalak, eta urteroko moduan, lehiaketaren xehetasunak aurkeztu dituzte Andoaingo Udalak eta Eusko Jaurlaritzak, Donostian, Eusko Jaurlaritzaren egoitzan egindako prentsa agerraldian.

Ekitaldian parte hartu dute Mikel Arregi Andoaingo Udaleko Euskara zinegotzi eta alkateordeak, Patxi Baztarrika Andoaingo Udaleko Euskara teknikariak eta Estibalitz Alkorta Eusko Jaurlaritzako Euskara Sustatzeko
zuzendariak.

Lehiaketaren 32. edizioa da aurtengoa eta, iaz hasitako berrikuntzei jarraiki, aurten ere bi sari izango dira: Kazetaritza saria eta Komunikazio saria. Gainera, finalistak ere izendatuko dira: Kazetaritza sarirako lau eta Komunikazio sarirako beste lau, gehienez.

Sarituak izateko hautagaitzak proposatzeko aukera izango du edonork, eta norberak bere burua edo nornahik beste norbaiten aldeko proposamena egin ahal izango du, baina finalistak nahiz saridunak erabakitzeko ez da nahitaezko baldintza izango aldez aurretik hautagaitza aurkeztea.

Irabazleak nortzuk diren azaroaren 26an jakingo da, Andoaingo Bastero kulturgunean izango den sari banaketa ekitaldian, 'Xabier Lete gogoan' goiburupean. Izan ere, sari banaketaren ondorengo astean, abenduaren 4an, hamar urte beteko dira Xabier Lete hil zela, eta poeta eta kantariaren oroimena gogora ekarri nahi du Rikardo Arregi Kazetaritza Sariak haren heriotzaren hamargarren urteurrenaren atarian.

Mikel Arregik adierazi duenez, "Xabier Lete eta Rikardo Arregi batuko ditugu egun horretan Bastero kulturgunean izango den sari banaketa ekitaldian. Musikarekin, kantuarekin eta poesiarekin oroituko dugu Lete".

EZINBESTEKOA

Andoaingo Udalak deitu eta antolatzen duen Rikardo Arregi Kazetaritza Sariak Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren dirulaguntza jasotzen du, urtero bezala baita aurten ere. Saria antolatzeko arrazoia da euskararen normalizazioak "ezinbestez" behar dituela "euskaraz egindako kazetaritza eta komunikazio prestu eta modernoa, kalitatekoa eta garaian garaiko beharrizanetara egokitua".

Horrela, Estibalitz Alkortak azpimarratu duenez, euskarazko hedabideen arloa "zeharo aldatu eta eraberritu da Rikargo Arregiren garaitik hona". Gainera, azaldu duenez, "covid-19aren eraginez bizi izan dugun egoerak erakutsi digu euskarazko hedabideek, publikoek zein pribatuek, badutela gaitasuna gure jakin nahiak eta beharrak asetzeko. Hurbileko gure mundua zein mundu zabala azaltzeko gaitasuna erakutsi dute, era osagarri batean".

"Euskarazko hedabideek jakin dute unean-unean egokitzen eta eraberritzen, eta Rikardo Arregi Kazetaritza Sariak pizgarri bat izan dira bilakaera hori sustatzeko. Covid-19aren osteko egoera berrietara egokitzeko ere oso lagungarriak izango dira horrelako ekimenak", ziurtatu du.

LEHIAKETA

Bestalde, Baztarrikak azaldu duenez, Kazetaritza saria eskuratzeko aukera izango dute 2019ko irailaren 16tik 2020ko irailaren 15era bitartean egunkari eta aldizkarietan, agerkari digitaletan edo irrati eta telebistetan euskaraz plazaratu diren kazetaritza lanek. Saria 9.000 eurokoa da, Xabier Lakak sarirako berariaz egindako irudi artistikoarekin batera.

Komunikazio sariari dagokionez, euskarazko komunikazioa molde eta formatu berrituetara egokitu eta euskarazko komunikazioaren mesedetan haien aukeraz baliatzeko urrats berritzailetzat jotzen direnek izango dira hautagaiak, betiere 2019ko irailaren 16tik 2020ko irailaren 15era bitartean euskaraz sortu, ekoitzi eta, kasua bada, zabaldutako komunikazio ekintza bat, komunikaizo proiektu bat edo komunikazio proposamen bat bada. Saria 9.000 eurokoa izango da, eta Xabier Laka eskultoreak egindako irudi artistikoa.

Gehienez ere zortzi finalista izango dira, eta finalistek, saridunek izan ezik, Xabier Lakak beren-beregi Rikardo Arregi Kazetaritza Sarirako sortutako irudiaren serigrafia jasoko dute.

Saridun izateko hautagaitzak irailaren 18ra bitartean aurkez daitezke, proposamenak Andoaingo Udalera posta arruntez bidaliz edota raks@andoain.eus helbide elektronikora igorriz. Halere, finalista edo sariduna izateko ez da ezinbestekoa izango hautagaitza aurkeztea, epaimahaiak aukera osoa baitu bere proposamen propioak eztabaidatzeko, eta jasotako proposamenen eta epaimahaikideek beraiek egin eta eztabaidatutakoen artean finalistak eta sariak erabakitzeko.

Epaimahaikike izango dira Jose Inazio Basterretxea EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko irakaslea, Itxaro Borda idazlea eta prentsa kolaboratzailea, Aingeru Epaltza idazlea eta hainbat hedabidetako kolaboratzailea, Maite Goñi MUko HUHEZIko irakaslea eta komunikazioan aditua, Elixabete Larrinaga EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko irakaslea, Ion Muñoa Deustuko Unibertsitateko Komunikazio Graduko irakaslea eta Jon Sarasua MUko HUHEZIko irakaslea eta komunikazioan aditua. Mahaiburua Mikel Arregi izango da, eta idazkaria, Patxi Baztarrika.

Contenido patrocinado