Segurtasun dispositibo berezia abiatu dute Bilbon Gabonak eta merkealdia direla eta

Archivo - Gabonak Bilbon
MITXI MIGUEL CALVO ALEJO - Archivo
Europa Press País Vasco
Actualizado: viernes, 12 diciembre 2025 13:12

BILBO 12 (EUROPA PRESS)

Bilboko Udaltzaingoak eta Ertzaintzak aurten ere jarri dute martxan zaintza eta kontrol kanpaina bateratua Gabonetarako eta merkealdiaren hasierarako. Hirian dagoeneko finkatuta dagoen dispositiboa da, eta herritarren segurtasuna indartzea du helburu, poliziaren presentzia areagotuz eta prebentzio jarduketak eginez egunotan jende gehien biltzen den tokieta.

Bilboko Udaletik jakinarazi dutenez, operatiboa data horietan ohikoenak diren delituen prebentzioan oinarrituko da, batez ere merkataritza eta ostalaritza jardueraren ondorioz jende asko biltzen den eremuetan gertatzen diren deskuidu ebasketen eta lapurreten prebentzioan. Dispositiboa ostiral honetan hasiko da, abenduaren 12an, eta urtarrilaren 18ra arte egongo da martxan.

Ondarearen aurkako delituak Bilbon erregistratzen diren delitu presentzialen %70 inguru dira, eta, horien artean, gehienak ebasketak dira. Udaltzaingoak eta Ertzaintzak urte osoan egiten dute lan modu koordinatuan inpaktua murrizteko, eta lankidetza une jakin batzuetan areagotzen dute, hala nola abuztuan -Aste Nagusiaren inguruan- eta abenduan eta urtarrilean.

Gabonetako kanpainan eta merkealdian ohikoa da saltokietan eta eremu publikoan ebasketak gehitzea, bai eta jende pilaketekin, jai ekitaldiekin edo bazkari eta afariekin lotutako deskuidu lapurretak ere.

Bilboko Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren Gabonetarako eta Merkealdirako Prebentzio Plana 2015ean jarri zen abian lehen aldiz, eta, ordutik, bi polizia kidegoek urtero berritu dute, "oso emaitza onak" izan baitituzte, helburu behinena lortuta, hau da, Bilbon ebasketa eta lapurreta kasuen gorakada murriztea edo geldiaraztea.

Hiriko merkataritza eta ostalaritza gune nagusietan egingo da prebentzio kanpaina, horrelako negozioen ordutegietan. Prebentzioa, beraz, bide publikoan egingo da, batez ere oinezkoen guneetan eta jende gehien bildu ohi den lekuetan, eta merkataritza eta gaueko aisialdiko guneetan, hala nola Abandon, Indautxun, Zazpikaleetan edo Boluetan.

EGUNERO

Zaintza eta kontrola asteko egun guztietan egingo dira, txandaka, eta patruila uniformatuak nahiz kalez jantzita doazenak arituko dira eginkizun horietan, oinez zein ibilgailuetan.

Nolanahi ere, Bilboko Udaltzaingoak eta Ertzaintzak dei egin diete herritarrei konturik handienarekin ibil daitezen jendetza handia pilatzen den dendetan eta kaleetan.

Gainera, gomendatu dute nork bere gauzak arretaz zaintzeko, poltsa edo bizkar zorroa ondo itxita eramateko eta era susmagarrian hurreratzen zaizkigunez ez fidatzeko. Susmoren bat izanez gero edo gorabeheraren bat ikusiz gero, 112ra (Ertzaintza) edo 092ra (Udaltzaingoa) deitzea gomendatu dute.

Últimas noticias sobre estos temas

Contenido patrocinado