BILBO, 28 (EUROPA PRESS)
'Sisiforen Paperak' antzezlana euskaraz aurkeztuko dute ostegunean eta ostiralean, apirilaren 29an eta 30ean, gaztelaniazko azpitituluekin, Centro Dramático Nacional erakundearen egoitza den Madrilgo Maria Guerrero antzokian, Etxepare Euskal Institutuak INAEMekin duen lankidetzari esker.
Gisa horretan, Madrilgo ikusleek Harkaitz Canok idatzi eta Fernando Bernuesek zuzendutako antzezlana jatorrizko hizkuntzan gozatzeko parada izango dute, Etxepare Euskal Institutuak jakinarazi duenez.
Bernuesek berak Etxepare Institutuari adierazi dionez, "euskara 'Egunkaria'-ren nortasunaren parte den heinean erabaki genuen euskaraz taularatzea ezinbestekoa zela. Antzezlana euskaraz egiteak errealitatera gehiago hurbiltzen du".
Centro Dramático Nacional erakundearen eta Arriaga, Principal eta Victoria Eugenia antzokien arteko ekoizpena Gasteizko Principalen estreinatu eta gero, Bilboko Arriagan eta Donostiako Victoria Eugenian izan zen ikusgai, eta emanaldi guztietan ikusleen txalo zaparrada jaso zuen. Apirilaren 9tik maiatzaren 2ra, aldiz, Madrilgo Maria Guerrero antzokian eskaintzen ari dira, arrakasta handiz.
"Egunkaria auzian" libreki inspiratuta, justiziaz, botere banaketaz eta kazetaritzaren lanbideaz hausnartzera darama ikuslea, eta kazetaritzari eta bereziki bidegabeki itxi dituzten komunikabideei egindako omenaldia da.
'Sisiforen paperak' Etxepare Euskal Institutuaren eta INAEMen arteko lankidetzaren laugarren emaitza da, euskal antzezlanak Madrilen euskaraz estreinatu daitezen (gaztelaniazko azpitituluekin), 'Soinujolearen semea'
(2013), 'Barealdi magikoa'(2014) eta 'Obabakoak' (2018) obrak ere babestu eta gero.