STEAM Sareak 63 jarduera zientifiko-teknologiko eskainiko dizkie ikasleei hurrengo ikasturtean

Archivo - Ikasle bat
IREKIA - Archivo
Europa Press País Vasco
Actualizado: martes, 5 mayo 2026 10:53

BILBO 5 (EUROPA PRESS)

STEAM Sareak 63 jarduera zientifiko-teknologiko eskainiko dizkie Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) ikasleei 2026-2027 ikasturtean. Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitateak eta Berrikuntza Sailak bultzatu du ekimena eta Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziak koordinatzen du, gazteen artean STEM (zientzia, teknologia, ingeniaritza eta matematika) eremuekiko euskal gazteen interesa sustatzeko helburuarekin.

Jaurlaritzatik jakinarazi dutenez, 44 entitatek antolatutako 63 proposamen bildu ditu astearte honetan argitaratu den 'STEAM Sare Katalogoa - Steam Euskadi' katalogoaren bosgarren edizioak. Gaur egun, ehun bat entitate dira STEAM Sareko kide, besteak beste, enpresak, teknologia eta ikerkuntza zentroak, erakundeak, unibertsitateak eta berrikuntza ekosistemako beste eragile batzuk.

Katalogoan jasotako jarduerak datorren ikasturtean garatuko dira, eta, horien bidez, ikasleek aukera izango dute, modu praktikoan eta esperientziaren bidez, diziplina zientifiko-teknologikoetara hurbiltzeko. Hiru motako jardueretan egituratuko da eskaintza: iraupen laburreko 38 jarduera, ibilbide luzeagoko zortzi programa eta STEM orientabideko berariazko 17 ekimen.

Horrela, katalogo berria hainbat berritasun daude aurrekoarekin alderatuta. Guztira, hamar jarduera berri izango dira hurrengo ikasturtean, eta ikasleek askotariko esperientziak izango dituzte eskura. Horien artean dago kuantikari loturiko jarduera bat, EHU Quantum-ek antolatua, eta ikasleek aukera izango dute gaur egun puri-purian dagoen esparru zientifiko horri buruzko hainbat ezaguera jasotzeko.

Horrez gain, orientabide profesionalaren esparrua sendotu da, eta Innobasqueko entitate bazkideak diren Euskotrenek eta Metro Bilbaok bultzatutako jardunaldiak egingo dira, haien berdintasun-planak ardatz harturik. Helburua da erreferentziazko pertsonak erdigunean jartzea eta STEM bokazioak sustatzea, batez ere nesken artean.

Hakaber, datorren ikasturtean Aranzadi elkartea batuko da eskaintzara, bi jarduerarekin. Ikerkuntza arkeologikoan eta kontserbazioan entitate aitzindaria da Aranzadi, eta aurten, First Lego League programari loturik, 'Unearthed' arkeologiari buruzko erronka prestatzeko bisitetan partaide izan da; hain zuzen, hortik sortu dira katalogoko bi jarduera berriak.

INGENIARITZA OLINPIADAK

Innobasqueko entitate bazkideek landutako beste hainbat proposamen ere badira katalogoan, guztiak helburu berarekin: zientziaren, teknologiaren eta lanbide ingurunearen arteko lotura sendotzea. Esaterako, Mondragon Unibertsitateak 'Amestu, diseinatu, ekin' Ingeniaritzako Olinpiadak antolatu ditu, eta Danobatgroup taldeak, berriz, 'Zure etorkizuna industrian deskodetzen: konektatu industria aurreratuko STEM lanbideekin' ekimena.

Era berean, Errekak 'STEM bokazioak inspiratzen automatizazioaren eta robotikaren bidez' jarduera sustatu du, 4.0 industria eta berrikuntza teknologikoa ardatz direla, eta Biobizkaia Institutuak 'Biobizkaiako laborategietatik ikasgeletara: osasun ikerketaren eta etorkizuneko talentuaren arteko lotura egiten dugu' proposamena landu du, osasun arloko ikerkuntza ikasgeletara eramateko.

Orobat, 'Biokultura ikasgeletan: zientzia, biodibertsitatea eta parte hartze aktiboa' (BIOOK) proposamenaren eskutik, biodibertsitatea ardatz duen esperientzia bat jaso da katalogoan. Ikasleak biodibertsitatearen ezagutzan eta kontserbazioan engaiatzea da jardueraren helburua, eta, bide batez, zientziaren eta jasangarritasunaren arteko lotura sendotzea.

FINKATUTA

Jaurlaritzaren arabera, aurreko edizioak izan zuen inpaktuak bermatu eta agerian utzi du ekimenak sortzen duen interes gero eta handiagoa. Aurreko ikasturteko katalogoan 41 entitatek antolatutako 60 jarduera eskaini ziren, eta guztira 200 ikastetxek hartu zuten parte. Jardueretan parte hartzeko 900 eskabide jaso ziren, eta 45.600 ikaslek eman zuten izena horietan.

Horrelako proposamen eta ekintzen bidez, STEAM Sarearen helburua da ikasleen artean diziplina zientifiko-teknologikoekiko interesa piztea gazte-gaztetatik, eta, bide batez, esparru horietan dagoen genero arrakala murrizten laguntzea eta egitura sozioekonomikoan dagoen STEM profilen eskari gero eta handiagoari erantzutea.

Interesa duten ikastetxeek ikasturte osoan zehar parte hartu ahal izango dute katalogoko jardueretan, eta horrela, ikasleek aukera izango dute zientziaren eta teknologiaren arloko profesionalekin eta ingurune errealekin harreman zuzena izateko.

Katalogoa ezagutarazteko ekitaldien artean, asteazkenean, maiatzaren 6an, 17:00etan, web saio informatibo bat egingo da ikastetxeei zuzenduta. Jardueren azalpenak eta izena emateko eta parte hartzeko prozesuaren inguruko argibideak emango dira bertan.

Contador

Contenido patrocinado