BILBO 17 (EUROPA PRESS)
Taupa Mugimenduak mintzodromoa antolatuko du 60. Durangoko Azokaren asteburuan, abenduaren 5etik 7ra, eta mintzapraktika ariketa ezberdinak proposatuko ditu, euskararen erabilera erdigunean jarri eta Mintzapraktika egitasmoa ezagutarazteko.
Taupatik jakinarazi duenez, mintzapraktika taldeak martxan daude urritik Euskal Herriko txoko ezberdinetan. "Bakoitza bere taldeko partaide da eta bere herriko mintzapraktika egitasmoko kide, baina askotan, zaila da Euskal Herri mailan dagoen komunitate zabal hori irudikatzea", adierazi dute.
Mintzapraktika egitasmoek 8.000 bat lagun mugitzen dituzte urtero, mahai baten bueltan edo mendian edo eskalada egiten. Kontua euskaraz aritzeko gune eta uneak eskaintzea da, bakoitzak dituen helburuak betetzeko aukerak sortzea.
Bada, aurten, mintzapraktika egitasmoa Durangora eraman nahi izan du Taupak, Zirhika taldearekin elkarlanean eta AEK, IKA, Jalgi Hadi Mundura eta Mintzaneten laguntzarekin. "Mintzapraktika ezaguna da Euskal Herrian zehar, baina egitasmoa gertutik ezagutzeko eta probatzeko aukerak eskaini nahi izan ditu Taupa euskaltzaleen mugimenduak xede talde ezberdinentzako mintzapraktika aukerak eskainiz", gaineratu dute.
Horrela, ostiralean, abenduaren 5ean, ikasle goizaren baitan, mintzodromo ibiltaria eskainiko zaie bertaratzen diren gazteei. Musikaz lagunduta Durangoko txoko batetik bestera mugituko dira, geldialdi bakoitzean taldekatu eta proposatutako gaien inguruko hizketaldiak sortuz.
Larunbatean, abenduaren 6an, Zirhika taldearen eskutik, Hika Eguna ospatuko da. Bertako hikadromoan hitanoa hobeto ezagutu eta praktikatzeko aukera izango dute parte hartzaileek eta amaiera paregabea emango zaio egunari Andoni Egaña eta Amaia Agirrek eskainiko duten bertso saioarekin. Izen ematea zabalik dago https://labur.eus/krkpdrny loturan eskuragarri dagoen formularioan.
TOPAKETA
Azkenik, igandean, abenduaren 7an, Taupak antolatutako Euskal Herriko mintzalagunen topaketak beteko du egitaraua. Mintzapraktikan dabiltzan lagunei Durangora gerturatzeko gonbitea luzatzeaz gain, egitasmoa gertutik ezagutzeko interesa duen edozein bertaratzera animatu nahi Taupatik.
"Aukera ezin hobea izango da Mintzapraktikan murgiltzeko eta ekintzaz betetako eguna izango da: lehiaketa, mintzodromoa edo Irudienean emanaldi bat ikusteko aukera, mokadutxoa eta noski, azokatik bueltatxoa egiteko tartea ere egongo da", azaldu dute.
Durangora bertaratzea errazteko autobusak ere antolatu dira, eta informazio guztia eta izena emateko aukera zabalik daude https://taupamugimendua.eus/mintzodromoa/ web orrian.