TD Systems izango da Baskoniaren babesle nagusia 2024ra arte

Juan Manuel Martin eta Josean Querejeta, akordioa sinatu ondoren
BASKONIA
Europa Press País Vasco
Actualizado: viernes, 24 julio 2020 12:12

GASTEIZ, 24 (EUROPA PRESS)

TD Systems izango da Saski Baskoniaren babesle nagusia 2024. urtera bitarte. Josean Querejeta Baskoniako presidenteak eta Juan Manuel Martin TD Systems konpainiako sortzaile eta jabeak ostiral honetan izenpetu duten akordioaren bitartez, talde gasteiztarra TD Systems Baskonia deituko da Endesa Ligan eta Euroligan.

Querejetak nabarmendu duenez, beren sektoreetan "erreferenteak" diren bi erakundeen arteko batasunak "aro berri bat" irekiko du talde gasteiztarrean. Izan ere, bere iritziz, elkarlan horri esker, Saski Baskoniak "proiektu sendo bat" bermatuko du, eta TD Systemsek bere marka nazioartean hedatuko du, talde gasteiztarrak Europa osoan zehar zabalduko baitu enpresa madrildarraren izena.

Halaber, bi aldeek "helburu handiei" egingo diete aurre elkarrekin: kirol mailan Europako talde boteretsuenak izango dituzte aurrez aurre, eta kontsumo elektronikaren sektoreari dagokionez, enpresa multinazional askoren aurka lehiatu beharko dute.

Bi txapelketetan taldeari izena emateaz gain, TD Systems joko, beroketa eta paseorako kamiseta ofizial guztien aurrealdean agertuko da. Klubaren gainontzeko bitarteko digital zein fisikoetan ere presentzia handia izango du enpresa madrildarrak. Gainera, enpresaren logoa Fernando Buesa Arena pabiloian izango da eta konpainiak 5+11 Fundazioaren Ohorezko Kide gisa parte hartuko du.

Querejetak adierazi duenez, espero du bi aldeen arteko akordioa "oso emankorra" izatea eta "denbora asko irautea". Halaber, Martinek nabarmendu du "ahalegin eta umiltasunarekin" lortu dutela Espainiako lehen telebista fabrikatzailea izatea, eta hori "Baskoniaren espirituarekin bat" datorrela.

Teduinsa 1985ean sortu zen estatuko lehen informatika enpresetako bat bezala, eta ondoren, TD Systems marka propioa sortu zuen, egungo Espainiako lehen telebista fabrikatzailea, alegia. Bere kapitalaren %100 espainiarra da eta Madrilen du bere egoitza soziala. Enpresak Cosladan duen ekoizpen fabrikan ehunka langile ditu zuzenean eta zeharka. Bere arrakasta negozio estrategian oinarritzen da, kalitate handiko zerbitzua eta prezio lehiakorrak bateratuz.

Contenido patrocinado